Ostiraletik hasita iganderaino areto futbola nagusi izan zen Irurtzunen. Aluminios Erbiti areto futbol taldean ibiltzen diren jokalariak izan ziren 48 orduko areto futbol txapelketa antolatu zutenak, eta kontentu daude jaialdiak eman duenarekin. 24 talde aritu ziren lehian Atakondoa kiroldegian, eta partidak bata bestearen atzetik jokatu ziren ostiralean arratsaldeko zortzietatik hasita larunbat gaueko 12:00ak arte. Igandean, goizeko 10:00etatik aurrera, final laurdenen, finalerdien eta final handiaren txanda izan zen. "Aritu diren taldeak kontentu geratu dira eta dena oso ongi antolatu dugula esan digute. Taberna jarri genuen Atakondoan eta horrela, ikusleek zerbait hartzeko aukera zuten. Lan asko egin dugu eta atseden hartzeko unea da, baina pozik gaude erantzunarekin" azaldu du antolatzaileetako batek, Iraitzek. Maila handiaMaila handiko taldeak lehiatu ziren Irurtzungo 48 orduko areto futbol txapelketan. Taldeak Sakanakoak, Lekunberri aldekoak, Iruñekoak eta Lizarraldekoak ziren, eta bazegoen Gasteiztik propio etorritako talde bat ere. Jakina, talde antolatzaileak, Aluminios Erbitik, ez zuen huts egin. Maila handiko partidetaz gozatzeko aukera izan zuten zaleek, eta giroa ona izan zen. Final handira jokalari nafarrez osatutako Bar Florida taldea - tartean Charly Morteruel, Patxi Beraza, Udi eta abar. - eta Lizarraldeko eta Otxagiko jokalariez osatutako Descansa taldeak iritsi ziren. Bar Florida Aluminios Erbiti irabazita heldu zen finalera, eta Descansa Karrobide taldea gailentzetik. Jendetza bildu zen finala ikusteko, baina Iraitzek adierazi duenez, ez zen oso final lehiatua izan, Bar Floridak nahiko erraz hartu zuelako menpean Descansa taldea, 6-4. Hala ere, giro ederra eta partida polita izan zen.Txapelketan aritutako talde guztiek oroigarria jaso zuten, eta sari potoloak izan ziren lehendabiziko taldeendako. Orain txapelketaren balorazioa egiteko garaia da, eta txapelketak hurrengo urtean segida izanen duen ala ez egonen da mahai gainean. "Jendea gustura geratu da antolakuntzarekin eta nahiz eta lan asko egin gu ere gustura aritu gara. Diru kontuak eta beste aztertuta ikusiko dugu hurrengo urtean jarraitu ala ez, baina aukerak badaude" adierazi du Iraitzek. Sailkapena Talde txapelduna: Bar Florida (1.300 euro) Bigarrena: Descansa (700 euro) Finalistak: Aluminios Erbiti eta Karrobide (200 euro bakoitzak) Atezain onena: Javi Nuñez (Descansa, trofeoa) Jokalari onena: Patxi Beraza (Bar Florida, trofeoa) Pitxitxia: Charly Morteruel (zapatillak eta trofeoa)