Pertsonaia mitologikoen MaskaraDa

Guaixe 2010eko uztailaren 16a

Uztailaren 17an, larunbatean, 22:00etan, Irurtzungo kiroldegian. Sarrera doan.Inauterietako ikuskizun ezaguna da maskarada. Antzerkia, musika eta dantza ditu oinarri. Hain zuzen, horiek izanen dira Irurtzungo Orritz-Iskidi taldearen Maskara-da ikuskizunaren zimenduak. Haien gainean eraikiko dute pertsonaia mitologikoen istorioa. Maskaren eta pertsonaia mitologikoen arteko jolasetik abiatuta, ikuskizun ederra eskainiko dute bihar, herriko kiroldegian.   JolasaGaueko argia izan zen Orritz-Iskidi taldearen lehen ikuskizun erraldoia. Haren ildotik sortu zen Gauez gau. Ia bost urteren ondoren, ikuskizun berria aurkeztuko du Irurtzungo taldeak, Maskara-da. Honetan ere pertsonaia mitologikoak izanen dira protagonista. Baina berrikuntzak nabarmenak izanen dira. Kontakizun hutsetik harago, protagonismo berezia izanen du maskaren eta pertsonaia mitologikoen arteko jolasak. Angel Sagües antzerki eta dantza irakasle eta ikuskizunaren zuzendariaren gidoia jarraiki, indar plastiko berezia izanen du ikuskizunak. Basajaun, Basandere (pertsonaia berria), Akerbeltz, Herensugea, Tartalo, Galtzagorri, Mari, Mikelats eta Jentilen koreografia ederrak ikusketa aukera izanen da. Zuzeneko musikaOrritz-Iskidi taldearen ikuskizunetan ohi denez, protagonismo berezia izanen du musikak. Ismael Yagüek da haren arduraduna. Atarrabiarrak Izeia diskoko musika moldatuko du ikuskizunerako. Txalaparta, txistua, alboka, biolina eta akordeoiaren doinuek ederki girotu eta lotuko dituzte sekuentziak. DVDaren aurrerapenaEuskal kultura eta, bereziki, pertsonaia mitologikoak gizarteratzeko apustu sendoa egin du Irurtzungo Orritzi-Iskidi taldeak. Horren barruan kokatzen da aurki argitaratuko duten Jentillen aztarnaren atzetik DVD interaktiboa. Orritz-Iskidi taldearen gomaespumazko panpinak dira protagonistak. "Grabazioak egiteko orduan Irurtzungo boluntario askoren laguntza izan dugu" argitu du Iosu Royok esker onez. DVDan pertsonaia mitologikoen irudiak, antzerkiak eta kondairak entzun, ikusi eta irakurtzeko aukera izanen da. Irailean argitaratzea espero dute. Biharko ikuskizuna haren aurrerapena izanen da. Irurtzungo taldeak Adarmendi elkartearekin batera egin du DVDa. Aldi berean, bertako kide Aritza Bergarak pertsonaia mitologikoen liburua argitaratuko du. "Biak osagarriak izanen dira" azaldu du Iosu Royok.