Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Areto Futboleko Liga Nazionalak Ohorezko Mailako ligako entrenatzaile onena aukeratu du Imanol Arregi. Imanolek zuzentzen duen MRA Navarra Xota taldeak play off-en finala jokatu zuen El Pozo taldearen kontra eta laugarren partidan erori zen Irurtzungo taldea, sekulako maila eman eta gero. Zaleek eta prentsak aukeratzen dituzte ligako entrenatzaile eta jokalaririk onenak. Irurtzungo entrenatzaileari ilusio handia egin dio izendapenak. "Ilusio asko egiten dit hau talde guztiarendako saria delako, egin genuen denboraldi bikainaren errekonozimendua, hain zuzen, eta bereziki zaleen eta Ohorezko Mailako teknikarien bozketen ondorioa delako. Izendapen hau talde teknikoak eta jokalariek egindako lanaren ondorioa da" adierazi du Imanolek, atzera ere bere umiltasuna erakutsiz. Irurtzundarrak gaineratu duenez, jokalari onenen artean Xotakoren bat egotea espero zuen - aukeratutako guztiak El Pozokoak dira - , eta horrek "izorratu" egiten dio. "Espero dezagun hurrengo batean izendapena jokalariren batek jasotzea, nire izendapenak eman didan ilusio berbera egingo bailidake". Bestalde, gogoratu behar da MRA Navarra Xotak duintasunaren Gozalo Trofeoa jaso zuela, azken denboraldian egindako denboraldi bikainarengatik. Oporrak bukatzeko astebete baten faltan, abuztuaren hasieran entrenatzen hasiko dira Xotako gizonak. Ekonomikoki estu jarraituko du taldeak, baina ilusio guztiekin.