Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sekulako denboraldia burutu du Irurtzungo klubak. Ohorezko mailako txapeldunordea izan zen. Baina denboraldi berria hastear dagoela, klubak oraindik ez du babesle nagusia lotu. Orain arteko babesle nagusiak, MRAk, kolaboratzen jarraituko zuela adierazi zuen, baina modu askoz apalagoan. Ordutik babesle nagusia lortzeko hainbat negoziazio burutu ditu taldeak, baina ez dute fruiturik eman. Hortaz, hurrengo egunak erabakigarriak izanen dira, eta ea Tatono Arregik gidatzen duen klubak 900.000 euroko aurrekontua lortzeko behar dituen babesleak lortzen dituen. Bestalde, aldaketak daude taldean. Isi Garrido da hurrengo denboraldirako Xotak egin duen lehen fitxaketa. 26 urte ditu, hegaleko jokalaria da, eta Gestesa Guadalajaratik dator. Oso langilea da defentsan. Orkatilean lesioa du, eta ezingo du aurredenboraldia hasi, baina denboraldirako prest egongo dela aurreikusten da. Bestalde, Xotako Mario Ossorio Cartagenak fitxatu du. Eta baja gehiago aurreikusten dira, aurrekontua zehazteko horren beharrean egongo baita taldea. Robert eta Ugeren jarraipena zalantzan dago, klubak euren soldata birdoitzea proposatu baitu. Ikusi behar zer nolako mugimenduak gertatzen diren.