Olias Pirelli Superstock Series txapelketako liderra

Guaixe 2010eko irailaren 8a

Juan Mari Olias pilotu irurtzundarrak abiadurara egin du salto aurten eta urte biribila darama. Pirelli Superstock Series txapelketan lehiatzen ari da, STK 600 kategorian, bere Honda CBR 600 motorrarekin. Txapelketaren barruan Alcarraseko zirkuituan jokatutako bi proben atzetik, uztailaren 31n Los Arcoseko Nafarroako Zirkuituan jokatutako hirugarren proban onena izan zen sailkapen orokorrean eta baita bere kategorian ere, eta berriki Barcelonako Castelloli zirkuituan jokatutako laugarren proban, hirugarrena izan zen scrachean eta lehena bere kategorian. Hortaz, irailaren 25ean Alcarrasen jokatuko den bosgarren eta azkeneko proba baino lehen Pirelli Superstock Series txapelketako STK 600 kategoriako liderra eta txapelduna dugu Olias, Iñigo Huguet bigarrenari distantzia ateratzen baitio. Laugarrena Gaztela-Mantxa-Nafarroa TxapelketanAsteburuan Los Arcoseko Nafarroako Zirkuituak Gaztela-Mantxa-Nafarroa Motoziklismo Txapelketa hartu zuen. 133 pilotu aritu ziren guztira, eta tartean Juan Mari Olias irurtzundarra Super Sport txapelketan lehiatu zen. Jose Luis Uriarte izan zen txapelduna, eta Juan Mari Olias laugarrena sailkatu zen, bigarren nafarra. "Kategoriarako propio prestatutako motorrak zeuden, eta ni nire Honda CBR 600arekin aritu nintzen, seriekoa dena, kategoriarako prestatu gabe. Podiumagatik borrokan egon nintzen eta hain justu helmuga marran gainditu ninduen hirugarrenak, bere motorrak potentzia handiagoa zuelako. Baina hala ere oso kontentu nago egindakoarekin, emaitza ona da" dio Oliasaek. Guztiagatik pozik dago irurtzundarra. "Oso kontentu nago denboraldiarekin. Hurrengo urtean 600 cc-etatik 1.000 cc-etara egin nahi dut saltoa, ea horretarako babesle baten laguntza lortzen dudan" azaldu du pilotu gazteak. Curriculuma, behintzat, pilatzen ari da.