Xotak babesle nagusia behar du

Guaixe 2010eko irailaren 14a

Irailaren 18an hasiko du Ohorezko mailako aurtengo denboraldia Xota Navarrak. Castellonen jokatuko du Irurtzungo taldeak, Playas de Castellonen kontra. Baina oraindik 900.000 euroko aurrekontua lotzeko lanetan dabil Tatono Arregi irurtzundarrak gidatzen duen zuzendaritza. Bigarren mailako babesle dezente ditu - energia berriztagarrien Visiona BD enpresa da Xotaren proiektuarekin bat egin duen azkeneko babeslea, Lacturale, Megacalzado eta Gescrap Navarrarekin batera - baina babesle nagusia lortzea falta da oraindik, aurrekontuaren ia %25 emango duena. Taldean kezkatuta daude, eta nahiz eta lanean jarraitu, egoera oso konplikatua da. Nobedaderik ez badago Xota Navarra izenarekin arituko dira aurten ligan. "Bukaeraraino ariko gara negoziatzen, babesle nagusia gure aurrekontuaren %25 delako. Guk ez dugu zorrik eta konbentzituta gaude babesle nagusi hori atera aterako dela. Eta ez bada ateratzen, ez dugu klubaren politika aldatuko: ez dugu gastatuko sortzen ez duguna" adierazi dute. Babesle nagusia heltzen ez bada, aurtengo plantilla itxita geratuko da, eta babesle nagusia etortzen bada beste fitxaketaren bat eginen litzateke. Tatono Arregik azaldu du plantillari ez zaiola beste ahalegin ekonomiko bat eskatuko. "Iaz fitxaren zati baten errenuntzia egin zuten, %7 eta 20 artekoa, eta ez diegu gehiago eskatuko. Aldagela gure klubaren balio eransgarria da eta horrela geldituko da" gaineratu du presidenteak. Halaber, Fundazioak bere horretan jarraituko duela ziurtatu du. Imanol Arregik entrenatzaile onenaren saria jaso duOstiralean Guadalajaran ospatutako Areto Futbolaren galan bi sari jasota etorri ziren Irurtzunera. Alde batetik, Imanol Arregik iazko ligako entrenatzaile onenaren saria jaso zuen, eta bestetik, MRA Navarrak Juan Manuel Gozalo Trofeoa jaso zuen, taldearen duintasuna eta dedikazioa saritzen dituena.