Xota Triman Navarra izango da

Guaixe 2010eko irailaren 23a

Babesle nagusia bilatzeko zailtasun handiak izan du Xotak, baina ahalegin askoren ondoren taldearen babesle nagusia izango dena lotzea lortu du Xotak, ohorezko mailako liga hasita dagoenean. Triman Taldeak babestuko du Xota, eta hemendik aurrera klubaren izena Triman Navarra izango da. Triman Taldeak mineralen eta harrobien tratamendurako makinaria eta instalakuntzak egin eta muntatzen ditu, eta egoitza eta instalakuntza nagusiak Altsasuko Ondarria poligonoan dauzka. Triman eta Xotaren akordioa integrala da, ohorezko mailako taldea babesteaz gain, klubaren behe mailako kategoriak, gizarte proiektuak eta nesken Orvina taldea ere lagunduko baititu. "Oso pozik nago eta hau egun oso inportantea da niretzat" azaldu du Tatono Arregi presidenteak. Laguntza klubak behar zituen 240.000 eurotik gorakoa da. Bi aldeak kontentu azaldu dira akordioarekin. "Enpresaren 25. urteurrena betetzeko proiektu honekin bat egitea ospakizun hoberena da. Klubak dituen baloreekin oso identifikatuta sentitzen gara" zihoen Trimaneko Javier San Segundo ordezkariak.