Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Eguraldia lagun, jendetza bildu zen Irurtzungo Foru plazan igandean bigarren eskuko azokaren berora. Hala azaldu zuen Alfredo Prietok Beleixe Irratian (FM 107,3): "9:30erako jendea zain zegoen. Alde batetik, ona eta txarra da. Ona erosteko beste era bat eskaintzen dugulako. Eta, txarra, gurean ere beharra duen jendea dagoelako". Prietok nabarmendu zuen azoka plazan egitean "sortzen den giroa ezberdina" dela. "Ez du zerikusirik frontoian sortzen denarekin. Han salerosketa giroa nagusitzen da". Horregatik, aurrerantzean azokak plazan egiten saiatuko direla azaldu zuen. Azokari dagokionez, helburuak bete direla nabarmendu du Prietok: "esparru ireki bat sortu nahi genuen, jendeak erabil zezakeena. 13-14 erakunde sartu dira horretan. Igandean, esaterako, ama batzuek jolasak antolatu zituzten. Edota Sakanako Mankomunitateko Immigrazio Zerbitzuak egindako lana. Horrek ematen digu poztasuna, ez soilik salmentek eta lortutako diruak". Igandean bezala, bihar ere, Gizakia Herritar fundazioko kideek jangelaren berri emanen dute.Marokoko gozoak jangelaren aldeIgandeko azokan, aurrekoetan bezala, tabernatxoa izan zen. Berritasuna han egon zen, izan ere, Marokoko bi emakumek sorterriko gozoak eta tea eskaini zituzten. Harrera bikaina izan zuen haien eskaintzak eta jendeak makina bat gozo bandeja etxera eramateko erosi zituen. Egikera eta osagaien inguruan ere galdera ugari erantzun behar izan zituzten. Gozoak laguntzeko tea ere prestatu zuten azokan bertan. Arrakastatsua izan zen azokan izan zuten parte hartzea. Jakina, handik ateratako diru guztia jangela solidariora bideratu da. Immigrazio teknikari Bego Zestauk Beleixe Irratian (FM 107,3) esan duenez, "munduko arrozen ekimenean parte hartu zuten eta halako ospakizunetan parte hartzeko prest azaldu ziren. Bere ekarpena egin nahi zuten elkartasun proiektua laguntzeko". Zestauk azaldu zuenez, "oso pozik zeuden eta jendearen inpresioa baikorra izan zen". Teknikariak gaineratu zuenez, "benetako kultur artekotasunerako pausu txiki garrantzitsu bat izan zen".