Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Larunbatean etxean Azkar Lugo 4-3 menpean hartu eta gero, asteartean Katalunian aritu zen Triman Navarra Xota taldea, Marfil Santa Colomaren kontra aritzeko. Lehia guztian barna Santa Colomakoak aurrean izan ziren, nola edo ahala irabazi nahi zutelako, baina Irurtzungoek katalanen erasoei eutsi zieten - Gascon atezaina bikain egon zen - eta nahiz eta partidan euren atzetik izan, lehia bukatzeko bost minuturen faltan launa berdintzea lortu zuten. Une horietan jokatu zuen hobekien Triman Navarrak, eta irabazteko aukera izan zuen ere, baina lortutako puntuarekin konforme itzuli dira irurtzundarrak. Pena izan zen Triman horren berandu esnatzea, baina berdinketa ez dago gaizki. "Arerio deserosoa genuen eta nahiz eta partida galtzen joan, burua hotz mantentzen eta partidari buelta ematen jakin genuen. Merito handiko puntua da" nabarmendu zuen Triman Navarrako entrenatzaile Imanol Arregik. Sailkapenean Lobelle Santiago da liderra, 9 punturekin. Triman Navarra Xota 8.a da, 4 punturekin. Imanol Arregiren mutilek ez dute errekuperatzeko asti gehiegirik izango, larunbatean, 20:30ean, arerio oso gogorra hartuko baitute Iruñeko Pabilioi Unibertsitarioan: Inter Movistar talde ahaltsua. Konfiantzaz beteta dago Triman Navarra, gauzak ongi doazkio, eta ea jarrera horrekin Inter Movistar talde potoloa garaitzea lortzen duten.