Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Badirudi babesle berriak zortea eman diola Xotari, Irurtzungo taldeak Triman Navarra izena hartu eta gero 4-3 gailendu baitzen Azkar Lugoren kontra. Partida Iruñeko Pabilioi Unibertsitarioan jokatu zen, Xotako zaleen aurrean. Lehia oso parekatua izan zen, eta lehen zatian ez zen dominatzaile argirik izan. Atsedenaldira husnako berdinketarekin iritsi ziren, eta bueltan dinamika aldatu zen. Irurtzungoak erasora atera ziren eta Carlitosek, aurtengo fitxaketetako batek, gola sartu zuen. Baina Azkarrek Trimanekoen markaketa akats batzuk probestu zituzten berdindu eta 1-2 aurreratzeko. Baina Triman Navarrak erantzuten jakin zuen eta Parrelen esku bina berdindu zuten azkar asko. Gainera, minutu bat pasata Eseverrik 3-2 aurreratu zuen taldea. Horren aurrean arriskatu behar izan zuen Azkar Lugok, atezain-jokalariaren formula erabiliz, eta hiruna berdindu zuten Parrelek bere atean sartutako golari esker. Orduan Imanol Arregik arriskatzea erabaki zuen eta Araça atezain-jokalari moduan jarri zuen eta jokaldia primeran atera zitzaion, Parrelek laugarren gola sartu baitzuen. 4-3 gailendu ziren irurtzundarrak. Imanol Arregi entrenatzailea kontentu azaldu zen medioen aurrean eta "irabaztea merezi izan zutela" adierazi zuen. Ohorezko mailako liderra Benicarló taldea da, 6 punturekin. Triman Navarra zortzigarrena da, 3 punturekin. Bihar Xotak Santa Coloma du arerio.