Santa Coloma du arerio Triman Navarrak

Guaixe 2010eko irailaren 28a

Larunbatean Azkar Lugo 4-3 menpean hartu eta gero, gaur, asteartearekin Santa Coloma izango du arerio Imanol Arregik zuzentzen duen Triman Navarra Xotak. Partida arratsaldeko zortzi eta erdietan jokatuko da Katalunian, Santa Colomako Jacinto Verdaguer kiroldegian. Azken lehia irabazi eta gero animotsu daude Xotakoak , eta Santa Coloman lan ona egitea espero dute. Baina Santa Coloma arerio gogorra izango da, orain arte jokatutako bi partidak galdu dituelako eta zaleen aurrean garaipena lortzeko irrikitan daudelako. Hortaz, lehia bizia espero da. Lesionatuta dagoen Isi izan ezik Imanol Arregi entrenatzaileak gainontzeko jokalari guztiak sasoi betean dauzka. Santa Colomaren kontra jokatu eta gero, Irurtzungoek ez dute gehiegi lasaitzeko aukera izango, hurrengo jardunaldia larunbatean jokatuko baitute, Iruñean. Inter Movistar talde ahaltsua hartuko dute Pabilioi Unibertsitarioan.