Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Juan Mari Olias pilotu irurtzundarrak asteburuan Pirelli Superstock Series txapelketa irabazita denboraldi bikaina borobildu du. Motoziklismoko supermotard modalitatean ibiltzetik abiadurara egin zuen salto aurten, eta bikain joan zaio. "Oso pozik nago, guztia oso ongi joan delako. Abiadurari tamaina hartu diot, Pirelli Superstock txapelketa irabazi... ezin naiz kexatu" adierazi du Irurtzungo txapeldun gazteak. Honda CBR 600 motorrarekin Pirelli Superstock Series txapelketan aritzea erabaki zuen Oliasek eta primeran joan zaio. Sei proba zituen txapelketak. Lehendabiziko biak Alcarraseko zirkuituan jokatu ziren maiatzaren 8an eta ekainaren 5ean, hirugarrena uztailaren 31n Los Arcoseko Nafarroako Zirkuituan, laugarrena abuztuaren 28an Barcelonako Castelloli zirkuituan, eta azkena, larunbatean Alcarrasen jokatutakoa. "Asteburuan lasai aritu nintzen Alcarrasen, aurretik jokatutako lasterketen emaitza onei esker bainekien txapelduna nintzela, baina hala ere ongi aritu nintzen. Guztira 20 pilotu inguru aritu ginen, eta nire kategorian, STK 600 mailan, txapelduna izan nintzen. Eta scratchean, hau da, proba orokorrean, mailak kontuan hartu gabe, lehendabiziko lasterketan bosgarrena izan nintzen eta bigarrenean seigarrena" azaldu du Irurtzungo pilotu gazteak. Etorkizuna: 1.000ccAlcarrasetik Pirelli Superstock Series txapelketako STK 600 mailako irabazlearen trofeoarekin itzuli da Olias, eta dagoeneko hurrengo denboraldia du buruan. Argi du 600cc-etatik 1.000cc-etara egingo duela saltoa. "Oraingo motorra salduko dut eta hurrengo urtean 1.000cc-etan ariko naiz. Litekeena da hurrengo motorra Yamaha R1 izatea, baina ez dago guztiz argi, eta babesleren bat lotzen saiatuko gara" dio gazteak. Hurrengo denboraldian bi txapelketetan aritzea du buruan. Bata Iparraldeko Txapelketa litzateke. Txapelketa honetan hiru proba jokatzen dira Nafarroan eta beste hiru Alcañizen. Eta, bestalde, Espainiako Abiadurako Txapelketan (CEV) aritzea nahi du Oliasek. "Txapelketak 6 proba ditu baina diru kontuengatik ezingo nintzateke guztietan aritu. Gertukoenak diren bi probatan izango nintzateke, Los Arcosen eta Alcañizen. Hori da asmoa, behintzat" gaineratu du Oliasek. Denboraldi biribila Pirelli Superstock-eko podiumeko goialdean borobilduta, eta hurrengo denboraldiko asmoak gauzatzen joaten diren.