Liburutegi irekiera umoretsua

Guaixe 2010eko irailaren 27a

Idazleak eta literatura pertsonaiak bildu ziren larunbat eguerdian Irurtzungo udal liburutegi berrian. Irurtzundarren artean behintzat antzekotasun horiek ateratzen zituzten Trokolo antzerki taldeko kideek. Hala, mustutze ekitaldian, esaterako, Lope de Vega idazlea edota Sancho Panza bera izan ziren. Irurtzundar batzuen antz izugarria zutenak. Zinta mozte ofizialik ere ez zen izan.  Baina zinta mozketa bat baino gehiago bai. Bere buruan zintan bildua ikusi zuten irurtzundarrena esaterako. Inpresio ederrarekin atera ziren irurtzundarrak.LiburutegiaAstelehenaz geroztik, 16:00etatik 20:30era, Irurtzungo udal liburutegiak egoitza berrian eskaintzen du bere zerbitzua. Beatriz liburuzaina da arduraduna. Erabiltzaileek 18.000 dokumentuko funtsa izanen dute erabilgarri. Argiztatze sistema berritzailea du liburutegiak, kanpotik sartzen den argiaren arabera gehiago edo gutxiago erabiliko da argi artifiziala. Eraikinaren beheko solairuan Gazte Txokoa eginen da. Gazteendako gunea ilbeltzean zabaltzea aurreikusten du udalak. Eta haren aldamenean erabilera anitzeko gunea izanen da, erakusketak, hitzaldiak eta beste hartuko dituena. Gizarte zerbitzuak Irurtzun aldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak bere egoitza tokiz aldatuko du. Liburutegiak udaletxean zuen tokira pasako dira mankomunitatearen bulegoak. Kamineroen pisuak utzi eta zerbitzua herritarrei gerturatzea lortu nahi dute. Bulegoak hartzeko egin beharreko lanen proiektua egina dago. Mankomunitatea osatzen duten udalen artean hitzarmena sinatzea besterik ez da falta. Ongizate Departamentuari lanetarako laguntza eskatzeko asmoa du Mankomunitateak.