Trimanek ongi eutsi zion Inter Movistarri

Guaixe 2010eko urriaren 5a

Ostiralean Iruñeko Pabilioi Unibertsitarioan jokatutako partidan Triman Navarra Xotak bana berdindu zuen Inter Movistar talde ahaltsuaren kontra. Lehen zatian talde madrildarrak agindu zuen gehiago, eta Irurtzungo taldeari kosta egin zitzaion partidan sartzea. Horrela, Trimanen Gascon atezaina izan zen protagonista nagusia, makina bat geldialdi eginez. Atsedenaldira husnako berdinketarekin heldu ziren, baina bigarren zatian egoera zeharo aldatu zen, Triman Navarra erasora atera baitzen. Imanol Arregiren gizonek Inter Movistar talde ahaltsua presionatu eta dominatu zuten, eta gol aukera ederrak izan zituzten, probestu ez zituztenak. Movistarrek ere bere aukerak izan zituen, eta atzera ere gogor egin behar izan zuen lan Gascon atezainak. Baina ezin izan zuen gelditu 32. Minutuan Ciçok sartutako gola. Hala ere Triman Navarrak ez zuen etsi eta 34. Minutuan Eseverrik berdintzea lortu zuen. Hortik aurrera bi taldeek aukerak izan zituzten, baina Triman Navarrarenak ziren jokaldi arriskutsuenak. Hala ere, baloiak ez zuen sartu nahi izan eta horrela despeditu zen lehia. Imanol Arregik zapore gazi-gozoa zuen. Inter Movistar talde ahaltsuaren kontra puntu bat lortzea positiboa da, baina Irurtzungo taldeak irabazteko aukera izan zuen. "Gol aukera asko izan ditugu baina ez dugu kontrako atean haztatu, eta sentsazio horrekin geratzen zara. Baina ez dugu ahaztu behar lehen zatian eurak egon direla hobe" zihoen Triman Navarrako entrenatzaile Imanol Arregik. Partida orekatua izan zela aipatu zuen irurtzundarrak, eta jokalariek "izugarri" lan egin zutela. Hurrengoa, Reale CartagenaSailkapen orokorrean Lobelle Santiago da liderra, 12 punturekin. Triman Navarra 10.a da, 5 punturekin. Ostiralean, urriaren 8an, Triman Navarrak 5. jardunaldia jokatuko du Cartagenan. 4 punturekin 12.a den Reale Cartagena du arerio. Ea puntu pilaketak aurrera jarraitzen duen.