Bizikletaz gozatzeko

Guaixe 2010eko urriaren 7a

Plazaola Partzuergo Turistikoak Lekunberri, Leitza eta Irurtzungo udaletxeen laguntzaz kudeatutako bizikleten alokairu sistema publikoa astelehenaz geroztik martxan da. Herri horietako biztanleez gain, besteak beste, Arakil aldekoek ere erabiltzeko aukera izanen dute. 30 txirrindula dira erabilgarri daudenak. Plazaola(n) Bizi zerbitzu berriaren helburu nagusia garapen jasangarria lortzea eta mugikortasuna hobetzea da, motordun mugikortasuna txikituz.Zerbitzuaren erabiltzaile izanen diren bizilagunen artean ezagutzera emateko, Plazaolako Partzuergo Turistikoak tailer batzuk antolatu zituen larunbatean. Irurtzunen 30 bat pertsona bildu ziren. Foru plazan Oraintxe enpresak emandako Bide Hezkuntza tailerrean parte hartu zuten. Proiekzio bat ikusi eta hitzaldi bat entzun ondoren, bildutako guztiak euren bizikletetara igo eta herritik paseo bat eman zuten, bide hezkuntzako tailerrean ikasitako guztia praktikan jarriz. Plazan bueltan, freskagarriak eta txistorra hartzeko aukera izan zuten.  ErakusketaGarapen jasangarria lortu eta mugikortasuna hobetu eta, aldi berean, motordun mugikortasuna txikitzeko helburuarekin sortu zen Pedalkadak jasangarritasunerantz erakusketa ibiltaria. Nafarroako Ingurumen Arloko Baliabide Zentroak, Cranak prestatu du erakusketa eta heldu den astean Irurtzunen ikusgai izanen da, astelehenetik igandera. Hura ezagutu nahi duenak udaletxeko bilkura gelatik pasa beharko du. Zerbitzuko erabiltzaileakPlazaola(n) Bizi  zerbitzuak bi erabiltzaile izan ditzake. Batetik, harpidedunak daude, 30 euro ordaindu eta urte osoan bizikletak erabiltzeko aukera dutenak. Bestetik, noiz noizean behingo erabiltzaileak daude (gehienez lau ordu egunean). Irurtzunen Plazaola kafetegian kudeatzen da zerbitzua.