Triman Navarra nagusi Cartagenan

Guaixe 2010eko urriaren 11

Gauzak ongi doaz Triman Navarra Xotan. Ostiralean pozik itzuli ziren Cartagenatik, Reale Cartagena 0-4 irabazi eta gero. Garaipen justua izan zen, Imanol Arregiren mutilek bikain jokatu zutelako. Defentsa lan itzela egin eta gero, Cartagena garaitzea lortu zuten. Eta nola gainera. Trimanekoek kontrolatu zuten partida uneoro, komeni zitzaien erritmoa ezarriz. Oso motibatuta kantxaratu ziren, eta lehen minuturako Ugek taldea aurreratzea lortu zuen. Lasaiago aritu ziren ordutik aurrera, defentsa lan bikaina eginez. Bigarren zatian irurtzundarren gol festa hasi zen: Cartagenako Cobetak bere ate propioan gola sartu eta gero, Eseverri eta Parrelen tantoak iritsi ziren, 0-4 gailenduz. Eta tartean, Gasconek Cartagenako Fabianen penaltya gelditzea lortu zuen. Bikain. Imanol Arregi entrenatzailearendako eurena "garaipen justua" izan zen. Lehen zatian nagusi izan zirela aipatu zuen, baina bigarren zatian bi taldeak pareago aritu zirela. Nolanahi ere, partidari tamaina hartu ziotela eta argi nagusitu zirela adierazi zuen entrenatzaileak. Ostiralean Sala 10 Zaragoza eta ondoren etenaBost jardunaldi jokatu eta gero Lobelle Santiago da Ohorezko Mailako liderra, 15 punturekin. Triman Navarra Xota zortzigarrena da, 8 punturekin. 6. Jardunaldiko partida gehienak asteartean jokatuko dira, baina Triman Navarrak ostiralean jokatuko du partida. Sailkapenean euren atzetik, bederatzigarrena den Sala 10 Zaragoza taldea hartuko dute ostiralean Iruñean, Pabilioi Unibertsitarioan, 20:30ean abiatuko den partidan. Moralez gainezka daude Imanol Arregirenak eta ea horrela jarraitzen dute. Ondoren, urriaren 29ra arte etena izango du ligak, Espainiako selekzioak dituen konpromisoengatik.