Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ongi hasi du denboraldia Irurtzungo Triman Navarra Xota Klubak. Ostiralean Iruñean Sala 10 Zaragozaren kontra jokatutako lehian 5-3 nagusitu ziren Imanol Arregiren mutilak. Egia esan ez zen oso partida ona izan, partida gorabeheratsua izan baitzen. Baina Triman Navarrak hiru puntuak lortu zituen eta hori da inportanteena. Rafa Usin Espainiako selekzioarekin kontzentratuta dago eta ezin izan zen norgehiagokan aritu. Eseverrik Irurtzungo taldea aurreratu zuen partida hasi eta berehala, baina handik gutxira Modregok berdintzea lortu zuen. Gero egoera errepikatu zen eta binako berdinketarekin joan ziren atsedenaldira. Ondoren Trimanen jokoa hobetu zen, baina Zaragozakoak izan ziren 2-3 aurreratu zirenak. Eta orduan, berdintzeaz gain beste bi gol sartzea lortu zuen Triman Navarrak, partida lasaitasunarekin bukatuz. Ligak astebeteko geldialdiaImanol Arregik onartu zuen partida oso "arraroa" izan zela, bereziki lehen zatian, eta taldea "bide onetik" doala nabarmendu zuen. Ildo honetan, Lobelle Santiago da liderra, 16 punturekin, eta Triman Navarra zortzigarrena da, 11 punturekin. Ohorezko mailako ligan ez da jardunaldirik jokatuko asteburuan, urriaren 17tik 24ra bitartean Brasilen jokatuko den Grand Prix txapelketan ariko baita Espainiako selekzioa, tartean Trimaneko Rafa Usin dagoela. Hortaz, atsedenaldia izanen dute Imanol Arregiren mutilek. Triman Navarrak urriaren 29an jokatuko du zazpigarren jardunaldia, ostiralarekin, sailkapenean zazpigarrena den Caja Segoviaren kontra. Partida oso konplikatua izango da, Caja Segoviak maila itzela duelako, eta gogotik egin beharko du lana Triman Navarrak.