Aurreikusten zena gertatu da:
Atakondoa eskola publikoa dituen
ikasle guztiak hartzeko txiki gelditu
da. Hezkuntza Departamentuak
horri konponbidea emateko
bi modulu jarri ditu ikastetxearen
sarrera ondoan.
Atakondoako zuzendari Felix
Reyk azaldu digunez, bi gela eta
komunak daude modulu horietan,
"baina beste bi modulu eta beste
horren-beste gela jartzeko prestatu
dute azpiegitura".
Zuzendariak azaldu digunez
espazio faltarena ez da gaur egungo
kontua. Aurretik, hezkuntza
komunitateak eta udalak horretaz
ohartarazi zuten. Zuzendariak
azaldu digunez aurreko ikasturtean
dagoeneko gela bat bikoiztu
behar izan zuten. Ikasturte honetan,
berriz, hiru izan dira bikoiztutako
gelak.
Krisiak eraikin berriak eraikitzeko
asmoak atzeratu ditu. Izan
ere, Hezkuntza Departamentuaren
asmoa zen heldu den urtean
DBHko ikasleak hartuko lituzkeen
ikastetxea eraikitzen hastea,
baina egitasmoa geldituta dago.
Bestalde, 0-3 urte arteko haurrendako
eskolak eraikitzeko dirulaguntza
deialdia ere izoztuta du
departamentuak.
Hori dela eta, Atakondoa ikastetxean
behar dituzten espazioak
sortzeko itxiturak egin dituzte,
bai pasabide nola teilatupean edo
liburutegian. Behin-behinean hala
sortu dituzte dituzten beharretarako
gelak, bideo-gela dela, bestea
dela.
Udala
Irurtzungo Udalak duela bi urte
eskatu zuen: "egungo eraikina berehala
eta sakon erreformatzea; 0 eta
6 urte bitartekoendako ikastetxe
berria eraikitzea egungo eraikina
deskargatu eta 0-3 zikloa jartzeko
eta, epe ertainean, DBHko ikasleak
hartuko lituzkeen ikastetxe berri
bat eraikitzea". Kiroldegiko aparkaleku
ondoan lur eremua ere
eskaini zuen Irurtzungo Udalak.
Hezkuntza arloan lehenbailehen
bi premia ase nahi dituzte Irurtzunen.
Batetik, 0-3 urte bitarteko
zikloa ezartzea eta, bestetik,
Atakondoak DBHko ikasketa guztiak
hartzea. Gaur egun 1. eta 2.
mailak hartzen ditu eta beste bi
mailetako ikasketak egitera Iruñera
joan behar dute ikasleek.
Irurtzunen ikasketak eginez, gazteak
herrian errotuagoa leudekeela
uste dute udalean.
420 ikasle
Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza
eta Derrigorrezko Bigarren
Hezkuntzako 1. eta 2. mailako
ikasketak hartzen ditu Atakondoak.
Irurtzun, Arakil, Imotz,
Ollo, GoñietaItzako ikasleakikasten
dute. Erdiak autobuesez iristen
dira.