Hiru puntuak ihesi egiten utzi zituen Trimanek

Guaixe 2010eko azaroaren 8a

Benicarlón jokatu zuen Triman Navarra Xotak, Benicarlóren kontra. Bi taldeak hasieratik sartu ziren partidan eta dena eman zuten. Horregatik, oso partida lehiatua izan zen. Baina lehen zatian Benicarló izan zen gehiago eta bigarrenean, aldiz, Irurtzungo taldea. Baina azken honetan zortea Benicarlóren aldekoa izan zen. Baina partida launako berdinketarekin despedituko zela zirudienean - partida bukatzeko 30 segundoren faltan launa berdintzea lortu zuen Trimaneko Carlitosek - 8 segundo berandugao 5-4 aurreratzea lortu zuen Benicarlók, Vadillori esker. Partida nahiko berdindua izan zen eta horregatik edozer gauza gerta zitekeen, baina, hala ere, Trimaneko Imanol Arregi entrenatzailea ez zegoen brometarako. Bere iritziz Trimanek aukera nahikoak izan zituen lehia irabazteko. "Partidan sartzen ginen bakoitzean, gauza bat dela edo bestea zela Benicarló aurreratzen zitzaigun. Uste dut partida bota dugula, hiru puntuak ihesi egiten utzi dugula. Argi eta garbi esanda" adierazi zuen partida bukaeran Imanol Arregik. "Zailena egitea lortu dugu, lehena hiruna berdintzea eta azkeneko minutuan launa berdintzea. Horregatik, segundo horietan galtzea barkaezina da" nabarmendu zuen. Galtzeko arrazoiez galdetuta, "pixkat guztia izan da, kontzentrazio edo intentsitate falta... gainera, 5 falta genituen eta hanka sartzeko beldurrez ibili ginen" adierazi zuen. Ostiralean liderra hartuko duTriman Navarrak lehen jardunalditik ez zuen galtzen. Orduan, Playas de Castellonen kontra 1-0 galdu zuen. Ordutik 4 garaipen eta 2 berdinketa lortu zituen, baina Benicarlóren kontra ezin izan zuten puntuatu. Lobelle Santiagok jarraitzen du ohorezko mailako lider, 20 punturekin, eta galdu eta gero Triman Navarra seigarrena da, 14 punturekin.Hain zuzen ere Lobelle Santiago liderra hartuko du Triman Navarrak ostiralean, azaroaren 12an, 20:30ean Iruñeko Pabilioi unibertsitarioan. Liga hasiera ikusgarria egin du Lobelle Santiagok, baina hanka-sartzea izan eta gero garaipenaren senda berreskuratu nahiko du Triman Navarrak. Horregatik kalitate handiko partida lehiatu eta ikusgarria espero da Iruñean.