Laugarren postua jokoan dute Manacorrek eta Trimanek

Guaixe 2010eko azaroaren 16a

Lobelle Santiago liderraren kontra puntu baliotsu bat lortu zuen Triman Navarra Xota talde irurtzundarrak larunbatean gainezka zegoen Iruñeko Pabilioi Unibertsitarioan. Defentsek lan handia egin zuten eta gol aukera gutxi egon ziren lehian, baina horrek ez zion ikusgarritasunik kendu lehiari. Santiagoko taldea 37. minutuan aurreratu zen Raul Camposek sartutako gol bati esker, eta partida bukatzeko 36 segundo falta zirenean Trimaneko Parrelek berdintzea lortu zuen. Puntu horrek garaipen zaporea izan zuen Triman Navarrarendako. Imanol Arregi entrenatzaileak meritu handia eman zion lortutako puntuari, eta taldeak lortu ahal zuen "gutxienekoa" zela aipatu zuen. "Oso partida berdindua izan da, nahiz eta lehen partean akaso gu hobeak izan" nabarmendu zuen. Aipatu partidan aurten fitxatutako Isi jokalariak debutatu zuen, eta bere debutarekin kontentu azaldu zen Imanol Arregi. Sailkapen orokorrean Lobelle Santiagok jarraitzen du lider, 21 punturekin. Triman Navarra Xota zazpigarrena da, 15 punturekin. Ostiralean Palmako Mallorkan jokatuko du Trimanek, sailkapenean laugarrena den Manacor taldearekin. 17 puntu ditu Manacorrek eta hortaz, arerio zuzena da, laugarren postua jokoan baitago. Ea nola moldatzen den Triman.2010eko talde onenaren saria jasoko du XotakNafarroako Gobernuko Nafarroako Kirol Institutuak 2010eko kirol talde onena izendatu du Irurtzungo Triman Navarra Xota. Iazko denboraldian Ohorezko Mailako Areto Futboleko txapeldunordea izan zen Irurtzungo taldea, denboraldi bikaina egin eta gero. Sari ematea asteazkenean izanen da, Nafarroako Jauregian.