Brontzezko Alex Mariñelarena

Guaixe 2010eko azaroaren 16a

Kawasaki Ninja Cup1.Angel Molero: 98 puntu2.Adrian Menchen: 95 puntu3.Alex Mariñelarena: 62 puntuAsteburuan despedidu zen Espainiako Abiadura Txapelketarako baliagarria den Kawasaki Ninja Cup txapelketa, Valentzian. Bertan 18 urte bete berri dituen Alex Mariñelarena pilotu irurtzundarra aritu da. Ez zen oso asteburu ona izan irurtzundarrarendako, baina sailkapen orokorreko hirugarren postua mantentzea lortu du eta Ninja Cup txapelketako hirugarrena izan da. Urte borobila osatu du Alex Mariñelarenak. Gazte irurtzundarra supermotard modalitatetik zetorren eta aurten egin zuen salto abiadurara, primerako emaitzekin. Berehala hartu zion puntua Kawasaki ZS-6R 600cc motorrari, eta txapelketako sei lasterketetan - Montmelón, Jerez, Albacete, Alcañiz eta Valentziako Chesteko Ricardo Tormon - erregular aritu da. Asteburuan Chesten jokatutako lasterketara sailkapen orokorrean hirugarrena zela heldu zen. Eta eskerrak, asteburu txarra izan baitu Mariñelarenak. "Kronometratutako entrenamenduen lehendabiziko txandan, lurrera erori  nintzen. Lehena nindoan, baina ezin izan nuen jarraitu eta horregatik zazpigarren postuan atera izan behar nintzen lasterketan" azaldu du Alexek. Lasterketak 18 buelta zituen. Alex zazpigarrena atera zen eta bosgarren postura igotzea lortu zuen, baina lasterketa despeditzeko 8 buelta falta zirenean motorrean matxura izan zuen, abiadura-kaxa apurtu zitzaion, eta erretiratu behar izan zen. "Sekulako amorrua eman zidan horrek, asteburu txarra are gehiago borobiltzea izan zen hori" dio Irurtzungo gazteak. Baina sailkapen orokorrean bere atzetik zegoenak erorikoa izan zuen eta Kawasaki Ninja Cup txapelketako hirugarren postuari heltzea lortu zuen Alexek. Superstock 1000 maila, hurrengo erronkaIrurtzundarrak balorazio positiboa egin du. "Abiadurara saltoa eman eta lehen urtean Ninja Cup txapelketan hirugarrena sailkatzea ez dago gaizki" dio. Kontuan hartu behar da 23 pilotu lehiatu direla, eta emaitza positiboa da. Egitasmo berria prest dauka irurtzundarrak: hurrengo urtean Espainiako Txapelketetako kategoria gorenean ariko da, Superstock 1.000 mailan. BMW 1000cc motorrarekin ariko da, eta dagoeneko motorra probatzen hasia da. "Hurrengo asteburuan 2010eko Superstock 1000 mailako azken lasterketa jokatuko da Jerezen eta bertan aritzeko asmoa daukat, kategoria gertutik ezagutu eta motorra probatzen hasteko. Izan ere moto berrira ohitu behar naiz, bestea baino azkarragoa da" adierazi du, erronka berriaren aurrean pozik. Kategoria berriak 7-8 proba izanen ditu, eta proba gertuena Aragoin izanen du, Alcañizen. Gero Jerez, Albacete, Montmelo, Valentzia... eta beste hainbat zirkuitutan ariko da. Superstock 1000 mailan Alex gazteenetakoa izango da. "18-19-20 urteko pilotu gutxi daude bertan, gehienak 25 urtetik gorakoak dira. Aurten irabazi duenak, Xavi Forések, Moto 2 Mundialera egin du salto" azaldu digu Mariñelarenak. Ea pausuz-pausu gora egiten duen Mariñelarenak. Informazio gehiagowww.ninjacup.eswww.cevbuckler.com