Bere akatsengatik galdu zuen Trimanek

Guaixe 2010eko azaroaren 23a

Triman Navarra Xotak Manacor taldearen kontra irrist egin zuen ostiralean. Irurtzungo taldea zen faboritoa eta partidan barna hirutan izan zen aurretik markagailuan, baina Imanol Arregiren jokalariek ez zuten abantaila egoera hori ongi baliatzen jakin, eta euren akats eta okerren eraginez, 5-4 irabazi zien Manacorrek. Palma Mallorcako taldea Ohorezko Mailako aurtengo sorpresetako bat da. Aurten igo da areto futboleko maila gorenera eta sekulako erakustaldia egiten ari da. Ostiralean garaipena lortu zuen Triman Navarra Xotaren kontra, irurtzundarren akats nabarmenak bulkatuta. Triman Navarra izan zen markagailuan aurreratu zena, Cucori esker. Baina hurrengo jokaldian berdintzea lortu zuen Manacorrek. Horrela despeditu zen lehen zatia. Bigarren zatian gogotsu hasi ziren bi taldeak. Parrelek atzera ere Triman aurreratu zuen, baina berehala bina berdindu zuen Manacorrek. Rafa Usinen golari esker 2-3 aurreratu ziren Trimanekoak, aurreratzen ziren hirugarren aldia, baina Manacorreko Miguelinek buelta eman zion partidari eta bi gol sartu zituen bata bestearen atzetik, Manacor 4-3 aurreratuz. Segidan Manacorrek bosgarren gola sartu zuen, eta nahiz eta Rafa Usinek Triman 5-4 gerturatu, horrela despeditu zen lehia. Imanolen hitz gogorrakPartida bukaeran Imanol Arregi haserre azaldu zen. "Ezin ditugu, gaur egin dugun moduan, golak oparitu. Kontrolatuta geneukan partida joan zaigu eta Manacorren bost golak gure akatsak dira" nabarmendu zuen Irurtzungo teknikariak. "Ea egindako akatsengatik ikasten dugun hau berriro gerta ez dadin. Partida kontrolatuta geneukan eta oparitu egin diegu" gaineratu zuen. Ostiralean liderraren kontra etxeanPartidaren emaitzak eragina izan du ohorezko mailako sailkapenean. Bartzelona da liderra, 25 punturekin, eta Triman Navarra Xota zortzigarrena da, 15 punturekin. Ostiralean, hilaren 26an, Bartzelona liderra hartuko du Trimanek Iruñeko Pabilioi Unibertsitarioan, 20:30ean. Partida oso konplikatua aurreikusten da, Bartzelona talde handia delako eta lidergoa sendotu nahi duelako - soilik puntutxo bat ateratzen dio El Pozo Murciari - eta, bestalde, goiko postuetan jarraitzeko irabazi beharrean dago Triman. Aurreko asteko hanka sartzearekin ikasiko ote dutelakoan, dena ematera aterako dira sakandarrak, baina arerio oso gogorra dute aurrean. Partida lehiatu eta ikusgarria espero da.