Saihesbidea orain!

Guaixe 2010ko aza. 26a, 00:00

Irurtzungo Udalari eta herritarrei pazientzia bukatzen ari zaie. Egunero herri erditik makina bat kamioi (400 bat) pasatzen dira. Hori eragozteko zortzi urte daramatzate saihesbidea eskatzen. Udaberrian Herri Lan Departamentuak aurten lanak emanen zituela esan zuen. Baina irailaren 22an Alba kontseilariak udalari esan zion: "ez aurten ez heldu den urtean ere, ez baitago lan berriendako aurrekonturik (salbu hasiak diren ardatz handiak egiteko eta AHT-arendako).

Ardura
Leitzaran eta Sakanako autobiak egin zirenean Irurtzungo Udalak saihesbidea eskatu zuen, alferrik. 2003az geroztik udal ardurak izan dituzten talde guztiek saihesbidea eskatu dute, baita alternatibak proposatu eta laguntza eskaini ere. Baina Iruñean ez diete kasurik egin. Irurtzungo Udalaren iritziz "Herri Lan Departamentuaren  arduragatik zortzi urte galduta daude. Zortzi urte Irurtzungo auzokideen segurtasunarekin jolasten". Irurtzungo Udalak adierazi duenez, "irurtzundarrek pazientzia handia izaten" ari dira.

Nafarroako Gobernutik, momentuz, "hitz politak, justifikatu gabeko atzerapenak, erdizkako egiak, denboran sinestezinezko tramitazioak, eta abar" izan dira. Irurtzunen kexu dira, beranduago eskatutako saihesbide batzuk dagoeneko eginak daudelako. Irurtzungo Udalak saihesbidearen "eskandaluzko atzerapenaren" arduradun Nafarroako Gobernua egin du. Irurtzungo Udalak ere Nafarroako Gobernuak saihesbidea egiteko "borondate politikorik ez" duela salatu du.Larunbata, 12:30ean Irurtzungo saihesbidea orain! leloa izanen du kontzentrazioak. Bide gurutzean izanen da. Udalak dioenez, "oso garrantzitsua da parte hartzea".