Euskal ekitaldiak mara-mara

Guaixe 2010eko abenduaren 2a

Aizpea euskara taldeak 2010eko Euskal Ekitaldiak aurkeztu zituen joan zen ostegunean. "Lau ekitaldi sendo eta nahiko tradizional bihurtu direnak antolatu ditugu" azaldu zuten Blanka Iluindainek eta Santos Iragik. Aizpea taldeak euskara plazara atera nahi du eta, helburu horrekin, euskaldunen bilgune izanen diren jarduerak antolatu ditu.Ekitaldiak Beste behin ere, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizun berriarekin gozatzeko aukera izanen dugu Irurtzunen. Pupu eta Lore Pirritxen ume bikiak dira. Umeak hazi eta hezi egin behar dira. Horretan lagunduko diote Tiritatxo medikuak, Largabista naturan adituak, Marikalanbre zientzialariak eta Martinbertso lagunak. Horixe da Irrien Lagunen koadrila. Pailazoek haiekin batera irri egitera gonbidatzen dituzte Sakanako txikiak.Irrien lagunek Leitzako lagunei eginen diete lekua. Xagu antzerki taldeak Agur, Manhattan! antzezlana eskainiko du. Euskaraz egindako komedia honek estresa du ardatz. Enpresari, etxekoandre, famatu eta abar ikusiko ditugu psikologoaren kontsultan, sendatzeko esperantzarekin. Baina medikuak berak ere badu nahiko arazo. Ezohiko bezero bati esker, egoera nahasiari buelta emateko aukera heldu zaio. Abenduaren 6a Euskal Herriko txokoak ezagutzeko eguna izendatu du Aizpea euskara taldeak eta bide horri ekingo dio aurten ere. Irurtzundarrek Iparralderako bidea hartuko dute. Senpere eta Ustaritze bisitatu eta Saran bazkalduko dute. Autobusa bete arteko lekua dago. Bertso kopletan agurtuko dituzte Euskal Ekitaldiak. "Pisuzko bi bertsolari izanen dira gurean, Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso" aurreratu zuen Blanka Ilundainek. Bertsolariak goi mailakoak eta sukaldariak ere halakoak izanen dira: Aizpea euskara taldeak Irurtzungo Udalarekin batera antolatutako sukaldaritza ikastaroko ikasleek prestatuko dute afaria. Ikasi berri dituzten plater goxo-goxoak dastatzeko aukera ederra da. Aizpeako kideek jakinarazi zutenez, Euskal Ekitaldien aurrekontua 8.000 euro ingurukoa da. Euskara taldeak Irurtzungo Udalaren, Euskarabidearen eta Sakanako Mankomunitateren laguntza izan du. ZozketaAizpea euskara taldeak Euskararekin txapeldun zozketari eutsi dio, baina aurten, lehen aldiz, ez da galderarik erantzun behar izanen. Ekitaldietan parte hartzen duten guztiak gabonetako bi saskiren zozketan sartuko dira. Ekitaldien antolaketan laguntzen dutenei ere txartelak emanen dizkiete. Abenduaren 18an, 21:00etan, bertso afariaren aurretik zozketatuko dira bi saskiak. Euskara plazaraAizpea euskara taldearen kezka da Irurtzunen euskara gutxi entzuten dela. "Euskara hizkuntza akademikoa bihurtzen ari den beldur gara. Euskara ikasi, baina gero erdararen itsasoan erortzen gara" diote. Errealitate hori irauli nahian, euskaldunak bilduko dituzten euskarazko ekitaldiak antolatu dituzte. "Ikusleak euskaldunak izanik, euskaraz aritzeko guneak izanen dira" azaldu zuten. Irurtzungo euskaldunak bakarrik ez, Sakanako, Larraungo eta Iruñerriko euskaldunak ere espero dituzte, "kokaguneagatik, Irurtzun horien arteko topaleku baita" adierazi zuten. EkitaldiakPirritx, Porrotx eta Marimotots. Pupu eta Lore. Abenduaren 3an, ostiralean, 18:00etan, Irurtzungo kiroldegian. Sarrera: 6 euro.Iparraldera txangoa. Abenduaren 6an, astelehenean, 8:30ean, Irurtzungo Foruen plazatik aterata. Bidaia eta bazkaria: 20 euro.Agur Manhattan! Leitzako Xagu taldearen antzezlana. Abenduaren 10ean, ostiralean, 21:30ean, Irurtzungo kultur etxean.Bertso afaria Andoni Egañarekin eta Sebastian Lizasorekin. Abenduaren 18an, 21:30ean, Irurtzungo Iratxo elkartean. Txartela: 15 euro.Sarrerak eta txartelakIrurtzungo Martxueta liburu dendan, Pikuxar euskal txokoan eta Iratxo elkartean.