Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azkeneko jardunaldietan ez da fin ibili Triman Navarra Xota. Carnicer Torrejon taldeari 5-8 irabazi zion abenduaren 4an, baina ondoren jokatutako bi partidak galdu egin zituen. Abenduaren 8an El Pozo Murcia talde ahaltsua hartu zuen Trimanek Iruñean eta 3-5 gailendu zen Murtziako taldea. Eta, larunbatean, Talaverak 3-2 hartu zuen menpean Triman Navarra. Gauzak horrela, Lobelle Santiago da liderra, 31 punturekin, eta Triman Navarra Xota zortzigarrena da, 21 punturekin. Hurrengo jardunaldia jokatu eta gero, sailkapenean lehendabiziko zortzi postuetan sailkatzen diren taldeek XXII. Espainiako Kopa izanen dute jokoan. Aipatu kopa otsailaren 3tik 6ra jokatuko da Segoviako Pedro Delgado kiroldegian. Egun sei taldek koparako tokia lortu dute dagoeneko - sailkapenean dauden lehendabiziko bostak, Lobelle Santiago, Bartzelona, El Pozo Murcia, Inter Movistar eta Fisiomedia Manacor; eta Caja Segovia, talde anfitrioia delako - , baina hurrengo postuetan daudenek, Triman Xotak tartean, asteburu honetan lortzen duten emaitzaren baitan izango dute sailkatzeko aukera. Sala 10 Zaragoza seigarrena da, 22 punturekin, Benicarló zazpigarrena da, 22 punturekin eta Triman zortzigarrena, 21 punturekin. Koparako geratzen diren bi postu horiek hiru taldeen artean erabakiko dira. Kopa jokatu ahal izateko irabazi beharrean dago Triman Navarra eta arerioek zer egiten dutenaren zain geratu beharko da. Zehazki, Triman irabazi beharrean dago eta horretaz gain Benicarlók edo Sala 10 Zaragozak berdindu edo galdu beharko dute. Hortaz, Guadalajararen kontra irabazi beharrean dago Triman Navarra. Partida larunbatean jokatuko da, Iruñeko Pabilioi Unibertsitarioan, 18:00etan. Etxean jokatzearen faktorea alde izango dute Trimaneko jokalariek. Imanol Arregi entrenatzailearen mutilek zaleen babesa inoiz baino gehiago behar izango dute Guadalajara menpean hartzeko. Gudalajarak ohorezko mailako sailkapena ixten du. Jokatu diren 14 jardunaldietan soilik puntu bat bildu du. Printzipioz Trimanek ez luke aparteko arazorik izan beharko garaipena lortzeko, baina partida bukatu arte ez dago jakiterik. Asteazkenean Trimanek Rios Renovables Ribera izango du aurkariAreto futboleko Errege Kopako txapelketaren barruan, abenduaren 22an, asteazkenarekin, Rios Renovables Ribera Navarra taldeak Triman Navarra Xota hartuko du Tuteran (20:30ean).