Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Abenduaren 3an, Euskararen Egunean eman zien hasiera Irurtzungo Aizpea euskara taldeak 2010eko Euskal Ekitaldiei. Bi astez eskaraz jantzi dira Arakilgo herriko karrikak. Asteburuan agurtuko dute aurtengo euskal kultur zikloa, goi mailako bertso afariarekin. Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso eseriko dira irurtzundarren mahaian. Emanaldia Arakilgo Udaleko Euskara, Kultura eta Kirol Batzordeak eta Tuxuri kultur taldeak antolatutako Bertsoaldia zikloaren barruan dago. Irurtzungo euskara taldeak jakinarazi digunez, 80 bat lagunek eman dute izena. Bertso saio ederraz gozatzeaz gain, afari bikaina dastatzeko aukera izanen dute. Aizpea euskara taldeak Irurtzungo Udalarekin batera antolatutako sukaldaritza ikastaroko ikasleek prestatuko dute afaria. ZozketaBertso saioaren aurretik, Aizpea euskara taldeak gabonetako bi saski zozketatuko ditu. Euskal Ekitaldietan parte hartu duten guztiek dute horietako bat irabazteko aukera. Eta ez dira gutxi. Izan ere, ederki joan dira orain arteko ekitaldiak: Pirritx eta Porrotxen emanaldian 1.500 lagun inguru izan ziren, 40 bat arakildarrek egin zuten Iparralderako txangoa eta 30 bat lagun izan ziren Leitzako Xagu antzerki taldearen emanaldian. Afariaren aurretik, 21:00etan eginen dute zozketa.