Triman Navarra Xotak Kopa jokatuko du

Guaixe 2010eko abenduaren 23a

Otsailean jokatuko den Espainiako Areto Futbol Kopan jokatzeko txartela lortu zuen larunbatean Triman Navarra Xotak. Lehendabizi Gestesa Guadalajararen kontra jokatu beharreko partida irabazi behar zuen Trimanek, eta hala egin zuten Imanol Arregiren mutilek. 6-3 gailendu ziren Iruñeko Pabilioi Unibertsitarioan bildu ziren 1.400 zaleen aurrean. Nolanahi ere gaizki hasi zen partida eta Gestesakoak izan ziren aurreratu zirenak, baina Irurtzungoek bina berdindu zutenetik aurrera partida irurtzundarren alde jarri zen. Horrela, bukaeran 6-3 gailendu ziren. Behin irabazita, beste taldeen emaitzen zain zegoen Triman Navarra. Benicarlók 1-2 galdu zuen El Pozo Murciaren kontra eta Marfil Santa Colomak 6-2 hartu zuen menpean Sala 10 Zaragoza. Bi arerioek galduta, Espainiako Kopa jokatzeko sailkatu zen Triman Navarra Xota. Imanol Arregi entrenatzailea kontentu zegoen koparako sailkatu izanagatik. "Bagenekien lehenik irabazi behar genuela eta ondoren arerio zuzenen emaitzak espero behar genituela. Azkenean Koparako sailkatu gara eta hori disfrutatu behar dugu. Lehendabiziko zati honetan lehendabiziko zortzi postuen artean egon gara eta bidegabea litzateke Koparako ez sailkatzea, eta azkenean lortu dugu. Bereziki zaleengatik, jokalariengatik eta klubarengatik pozten naiz" azpimarratu zuen Imanol Arregi entrenatzaileak. Sailkapen orokorrean El Pozo Murcia da liderra, 34 punturekin, eta Triman Navarra Xota seigarrena da, 24 punturekin. Gabonetako oporrak direla eta atsedenaldia izango da Ohorezko mailan, ilbeltzaren 8a arte. Egun horretan Triman Navarrak sailkapenean 13.a den Playas de Castellon taldea hartuko du Iruñeko Pabilioi Unibertsitarioan. Trimanek egin du aurrera Errege KopanAtzo Areto Futboleko Errege Kopako bigarren kanporaketa jokatu zen. Triman Navarra Xotak Zilarrezko Mailan dabilen Tuterako Rios Renovables taldea izan zuen aurkari Erriberako hiriburuan. Bi taldeak nor baino nor aritu ziren, lehia gogorrean, baina azkenean 2-4 gailendu zen Irurtzungo taldea.