Irurtzungo Pikuxar euskal txokoan euskal kanten ikastaroa izan dute egun hauetan. Astelehenetik ostegunera bertan bildu dira 15 bat lagun. Oskar Estangaren esanak jarraiki, eztarriak garbitu eta euskal kantuen errepertorio txiki bat landu dute. Hasiera batean, 10 abesti zituzten esku artean: Imanolen Ilun ikarak, Julen Lekuonaren Itsasoan urak haundi dire, Xabier Leteren Sehaska kanta, Xabier Lete eta Mikel Laboaren Izarren hautsa, Mikel Laboaren Maite ditut maite, Pedro Mari Otañoren Zazpiak oihal batetik, Mikel Laboaren Martxa baten lehen notak, Mikel Urdangarinen Bazkalosteko kafea, Joserra Gartzia eta Txomin Artolaren Aberriaren mugak eta Xalbador eta Anje Duhalderen Ama Euskal Herria. Baina taldekideen proposamenei irekita zeuden. Letrak esku artean dituztela, Estangaren gitarra lagun, duoak egiten ere ausartu dira.Betiko abestiak ikasita, orain horiek praktikan jartzea falta zaie. Izan ere, helburu nagusia euskal kantutegiaren inguruan elkartu, afalosterako errepertorioa aberastu eta ongi pasatzea da. "Ikastaroa amaituta agian emanaldi xume bat eginen dugu edo, bestela, afariren baterako utziko ditugu. Egun egokia izan daiteke ilbeltzaren 15eko Pikurockeko afaria" esan digu Urko Mauduitek.