Pikurocken arrakasta ospatzera

Guaixe 2011ko urtarrilaren 12a

Urteak joan eta urteak etorri, urriaren azken larunbatean goi mailako gazte jaialdia antolatzen da Irurtzunen. Halaxe izan zen iaz ere. Musika jaialdiaren arrakastak agerian uzten du Irurtzungo eta inguruko herrietako zenbait lagunen lan paregabea. Pikuxar euskal txokoak haietako bakoitzaren lana eskertu nahi izan du eta afari ederra antolatu dute horretarako. 50 bat lagun biltzekoak dira. 23:30etik aurrera, sakandar guztiek festarekin bat egiteko aukera izanen dute DJ Bullekin. Arakilgo euskaltzaleek elkartzeko zenbait aukera izan dute Gabonetako oporretan PikuGabonak egitarau zabalari esker. 28 bikote lehiatu ziren mus txapelketan, Gabonetako festan giro ederra izan zuten, 20 bat lagunek gozatu zuten Pikulaburretako film ederrekin eta 15 bat irurtzundar euskal kantutan jantzi ziren. Txokolate bero-beroaren ondoren, zenbaitek Trinitatean amaitu zuten urtea. Urtea amaitu bezala, Pikuxarreko kideek lagunartean hasi nahiko dute urte berria. Horretarako aukera izanen dute larunbatean.