Irabaziz hasi du urtea Trimanek

Guaixe 2011ko urtarrilaren 11

Iazkoa urte zoragarria izan zen Triman Navarra Xotarendako. 2009-2010 denboraldiko txapeldunordea izan zen Irurtzungo taldea, eta Triman enpresaren babesa lortu eta gero, lasai ekin zion 2010-2011 denboraldiari. Otsailean Segovian jokatuko den Espainiako Kopan aritzeko txartela lortu zuen abenduan, eta nahiz eta Sala 10 Zaragoza taldearen kontra galdu eta gero Errege Kopatik kanpo geratu, irabaziz hasi du urtea Trimanek, eta egun sailkapenean seigarrena da. Playas de Castellon zuten arerio Imanol Arregiren mutilek, eta asko sufritu behar izan zuten gailentzeko. Trimanekoak nagusi izan ziren eta gol aukera izugarriak izan zituzten, baina kosta zitzaien haztatzea. Isiren golari esker 1-0arekin joan ziren atsedenaldira. Bigarren zatian berdintsu aritu ziren: Triman dominatuz eta Playas kontraerasoan jokatuz, eta Triman 2-0 aurreratu zen Cucori esker. Hortik aurrera Irurtzungoak erlaxatu ziren, baina Playaseko Jose Revertek sekulako gola sartu zuen, eta hortik aurrera garaipenari eusteko sekulako komeriak egin behar izan zituen Trimanek. Baina 2-1arekin despeditu zen lehia, eta hiru puntuak Irurtzunen geratu ziren. "Garaipen justua da" zioen Imanol Arregik. Baina alperrik galdutako gol aukerak ere nabarmendu zituen. Bartzelona da ohorezko mailako lider berria, 35 punturekin. Gauzak oso estu daude, 34na puntu baitituzte El Pozo Murciak eta Lobelle Santiagok. Triman Navarra seigarrena da, 27 punturekin. Larunbatean Lugon jokatuko dute, 18:00etan, sailkapenean 13.a den Azkar Lugoren kontra. Ea urte hasiera bikainak segida duen.