Etxebizitzen zaharberritzerako diru-laguntzak araututa

Guaixe 2011ko urtarrilaren 28a

Irurtzungo Udalak berriki etxebizitzen zaharberritzerako diru-laguntzen ordenantza onartu du. Txiki Iriarte alkateak azaldu digunez, udalaren asmoa arlo hori arautzea zen. "Lanen arabera eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga (EIOZ) edo haren zati bat kentzen zitzaien lanen sustatzaileei. Baina ez zegoen araudirik. Udalak egoki ikusi du arlo hori arautzea". Irurtzungo Udalak onartutako ordenantzaren arabera, laguntza jasoko duten zaharberritze lanak hauek dira: eraikinen egiturari dagozkionak, etxebizitzaren funtzionalitatea hobetzen dutenak edo etxeetatik oztopo arkitektonikoak kentzeko lanak. Diru-laguntza jasotzeko baldintzak ere zerrendatzen ditu ordenantzak. Horretaz gain, udalak urtero bere aurrekontuetan arlo horri bideratzen dion diru-kopurua besterik ezin izanen du eman.Bi laguntza mota emanen ditu Irurtzungo Udalak etxebizitzen zaharberritzeetarako. Batetik, 25 eta 50 urte artean duten eraikinei zuzendutakoa. Eskatzaileei EIOZ zergaren erdia kenduko die udalak, baldin eta egin beharreko lanaren aurrekontua BEZ gabe 3000 eurotik gorakoa bada. Beste aukera 50 urte baino gehiago duten etxebizitzen zaharberritze lanetarako da. Kasu horretan Irurtzungo Udalak lanen sustatzaileari EIOZ zergaren hiru laurden kenduko dizkio. Aurreko kasuan bezala, baldintza bera da:   lanaren aurrekontua BEZ gabe 3000 eurotik gorakoa izatea.Hilerriko ordenantza berrituaIrurtzungo Udalak hilerriaren erabilera arautzen duen ordenantza berritu du, herritarren beharrei erantzuteko. Berritasunen artean dago nitxoak, kolunbarioak eta ehotz-tokiak 10 urterako ematen direla, gerora luzatu daitezkeenak. Epea despeditu baino urte bat lehenago udalak abisua emanen dut eta interesatuek luzapen eskaera egiteko aukera izanen dute, jakina, dagokiona ordainduz. Bestalde, Irurtzungo Udalak bere tasak %2,5 igo ditu bataz beste.