Zortea falta izan zitzaion Trimani

Guaixe 2011ko otsailaren 1a

Inter Movistar talde ahaltsuaren kontra ongi jokatu zuen Triman Navarra Xotak, baina kontrako atean zortea falta izan zitzaien Imanol Arregiren jokalariei. Bukaeran 2-1 gailendu zen Inter Movistar taldea, baina asko sufrituta, Trimanek gol aukera argiak huts egin zituelako. Lehen zatian Inter Movistarrek dominatu zuen eta nahiz eta bukaeran Trimanek jokaldiak burutu, husnako berdinketarekin joan ziren atsedenaldira. Bigarren zatia hasi eta berehala Interreko Ekak indartsu jaurtiki zuen baloia, baloiak Eseverriri jo eta Juanitok defendatzen zuen atean sartu zen, Trimanek gola bere atean bertan sartuz. Egoerari buelta emanez, Eseverrik berak gola sartu eta partida berdintzea lortu zuen. Hortik aurrera bi taldeek gol aukera ugari izan zituzten eta akaso Triman hobeto aritu zen, baina Interreko Betaok gola sartu zuen. Trimanek berdinketa eta garaipena bera eskuan izan zituen, baina gol aukera argiak huts egin zituen eta 2-1 galduz itzuli zen Madrildik. Imanol Arregik azaldu zuen bere ustetan "emaitza injustua" izan zela, Triman Navarrak ongi jokatu zuelako eta gol aukera asko izan zituelako. Taldeak egindako lanarekin kontentu azaldu zen Arregi. Hala ere, azken jardunaldietan taldeak kontrako atean asmatzeko punteria falta dauka. Sailkapen orokorrean Bartzelona da liderra, 44 punturekin, 42 puntu dituen Manacorren eta 40 puntu dituen Inter Movistarren aurretik. Triman Navarra 8. postura jaitsi da eta 28 puntu dauzka. Asteburuan ez da Ohorezko Mailako ligako jardunaldirik jokatuko, Espainiako Kopa jokatuko delako. Espainiako Kopa jokoanEspainiako Areto Futbol Kopa dago jokoan Segovian igandera arte. Zortzi talde ariko dira lehian: Bartzelona, Lobelle Santiago, Inter Movistar, Benicarló, Manacor, El Pozo Murcia, Triman Navarra Xota eta Caja Segovia anfitrioia. Zozketa egin eta gero Triman Navarra Xotak El Pozo Murcia talde ahaltsua izango du aurkari final laurdenetan, ostiralean, 21:00etan. Partida oso konplikatua izango da eta El Pozo da faborito nagusia, baina sarritan Trimanek gora egiten du talde inportanteen aurka eta ea horrela den. Bartzelonak Manacor izango du aurkari, Benicarlók Caja Segovia eta Lobelle Santiagok Inter Movistar. Txapeldunek aurrera egingo dute finalerdietarako sailkatuz.