Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Bartzelonak jaso zuen igandean areto futboleko Espainiako Kopa, El Pozori 3-2 irabazi eta gero. Triman Navarra Xotak dena eman zuen final laurdenetan, eta El Pozo menpean hartzeko gai izan zen, baina penaltyetan taldeak ez zuen zortea bere alde izan eta txapelketatik kanpo geratu zen. Segovian jokatu zen Espainiako Kopa eta final laurdenetan El Pozo Murcia taldea zuen aurkari Irurtzungo taldeak. El Pozo zen faborito nagusia baina Trimanek sorpresa eman nahi zuen, eta ia-ia balentria egin zuen. Bikain jokatu zuten Imanol Arregiren mutilek eta El Pozo oso estu hartu zuten, Murtziako taldea dominatzera helduz. Bukaeran hiruna berdindu zuten bi taldeek, eta aipatzekoa da kontrako atean gehiegi barkatu zuela Trimanek, eta hor egin ziela ihes partidak. Luzapenaren ondoren penaltyek erabaki zuten lehia eta hor Murtziakoak izan ziren abilago, ez baitzuten akatsik egin. Parrelen huts egiteak Triman Kopatik kanpo utzi zuen. Kopaz kanpo gelditzeagatik triste, baina emandako irudiagatik oso pozik zegoen Imanol Arregi entrenatzailea. "Taldeak bigarren zatian eta prorrogan egindako lana txapela kentzeko modukoa da" zioen irurtzundarrak. Halaber, Javi Eseverri kapitainak nabarmendu zuen "emandako itxurarengatik pozik zihoazela". Orain ohorezko mailan pentsatzen dabil Triman, asteburuan jardunaldia baitute. Kopa irabazi duen Bartzelona taldea da egun ohorezko mailako liderra, 44 punturekin, eta Triman Navarra zortzigarrena da, 28 punturekin. Irurtzungo taldeak sailkapenean azkeneko postuetan dagoen Real Cartagena taldea hartuko du larunbatean Iruñeko Pabilioi Unibertsitarioan, 18:00etan. Partida zuzenean eskainiko du Marca TV kateak. Ea kopako trago txarra ahaztu eta Cartagena menpean hartzeko gai den Triman.