Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Altsasuko Mendigoizaleak taldeak Altsasuko Udalaren laguntzaz antolatuta, otsailaren 19an, hau da, hurrengo larunbatean, Joseba Arlegik 2008an Yosemiten egindako eskaladari buruzko ikusentzunezkoa ekarriko du Altsasuko Iortia Kultur Gunera, 19:30etik aurrera. Joseba Arlegi irurtzundarra 2008ko iraila eta urria bitartean Iruñeko 5 lagunekin joan zen Estatu Batuetako Yosemiteko parkera, Yosemite Valley famatuan eskalatzeko asmoz. "Berez Yosemite Valley txikia da, baina parke nazional guztiari izena ematen dio. Yosemite Valley eskaladan mitikoa da eta mundu mailan erreferentzia. Han egotea sekulakoa izan zen, Capitan famatura igotzea eta bertako pareta ikusgarriak ezagutu eta igotzea... kristona. Lekua ezagutzea amets bat betetzea izan zen" dio Irurtzungo eskalatzaile gazteak. Yosemite, "beste historia bat"Joseba Arlegik mendiari lotutako diziplina guztiak maite ditu baina akaso denbora gehien eskaladan eta mendian ibiltzen ematen du. Eskaladatik abiatuta espeleologia, arroilen jaitsiera eta beste egiten ditu, eta neguan eskiekin zeharkaldiak egin eta mendian ibiltzen da. Yosemiteko eskalada sekulako urratsa izan zen berarendako. "Hemen normalean kirol eskaladan aritzen da jendea, baina Yosemite beste historia bat da, kirol eskaladaz kanpo dago. Guk egin genituen bideak klasikoak dira, baina horrek ez du esan nahi errazak zirela" azpimarratzen du Josebak. Izan ere, paretetan mugitzeaz gain, logistika ongi antolatu beharra zegoen, igoerak oso luzeak baitziren. "Beste mundu bat da. Gehienetan anklajeak jarri gabe zeuden eta hortaz, motxilan denetatik eraman behar zenuen: anklajeak, materiala, janaria, lo egiteko hamaka... Azpiegitura edo logistika ongi antolatzea ezinbestekoa zen, materiala ongi lotzea. Pentsa zapatila bat edo hamaka edo jatekoa erortzen zaizula. Zureak egin du! Eta gero material hori guztia gainean duzula paretan gora egin behar duzu. Eta bi egun edo gehiago jarraian eman ditzakezu, hortaz, paretan lo egin behar, hamakan. Hemen egiten dugunarekin alderatuta, beste mundu bat da" azaltzen du Arlegik. Ohiko eskalada teknikez gain beste teknika batzuk erabili zituzten Yosemiten, tartean Big Wall teknika bereziak. AmetsakEskalatzeko zein tokitara joango litzatekeen galdetuta, argi du Josebak. "Yosemitera itzuliko nintzateke berriz, toki bikaina da. Eta baita Norvegiara ere, pareta oso politak daudelako, tartean fiordoetan. Eta Marokoko Taghiara. Tobrak fama gehiago du Marokon, baina Taghian bide berri pilo bat zabaltzen ari dira eta oso arroka ona da" dio. Horiek ditu amets. Baina bidaiak lanaldiarekin uztartzea oso zaila da. "Yosemiten 40 egun egon nintzen, eta opor egunak pilatzea zaila izaten da. Hori da gure oztoporik handienetakoa, oporrak nola lotu" azaldu du. IkusentzunezkoaJoseba Arlegik Yosemiten bizitako esperientzian oinarrituta ikusentzunezko ederra prestatu du. Argazki ederrak ikusteko parada izango da, musikaz lagunduta. "Gaiari lotuta Ipar Amerikako rock and roll musika hautatu dut, argazkien erritmoaren arabera lasaiagoa edo mugituagoa" dio irribarrez. Eta uneoro azalpenak emango ditu irurtzundarrak. "Gure ekimenaz gain, Kaliforniako historia tartekatzen dut, guk egin genituen bideak nork zabaldu zituen aipatu... horrelako bitxikeriak" zehaztu du. Horretaz gain, bideo txiki bat ikusteko aukera dago. Irudiak hartzeko bi kamara erabiltzen ditu irurtzundarrak. Reflex handi batekin paisaiaren argazkiak eta beste ateratzen ditu, eta eskalatzen dagoenean kamara konpaktu txikia darama. Hortaz, Yosemiteko eskaladaren xehetasun guztiak ikusteko aukera izanen da Altsasun.