Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Iruñeko Pabilioi Unibertsitarioan Cartagenaren kontra jokatutako lehian, atsedenaldira 2-0ko abantailarekin joan zen Triman Navarra Xota, animoz beteta, partida irabaziko zuelakoan. Baina partida bukaera oso bestelakoa izan zen, bukaeran Irurtzungo taldeari 3-5 irabazi ziolako Cartagenak. Baina azkenaldian gertatzen zaion moduan, Xotak ez zuen erabakitzen jakin. Atsedenaldira oraindik ere marka handiagoarekin joateko aukera izan zuen, baina Jesulitok, Parrelek eta Araçak gol aukera oso argiak galdu izan zituzten. Aldiz, Reale Cartagenari bikain atera zitzaion estrategia. Bigarren zatian hasieratik jokalari-atezain formularekin jokatu zuen eta Triman Navarra bere areatik atera ia ezinik geratu zen. Berehala bina berdindu zuen Cartagenak eta nahiz eta Eseverrik Trimanen hirugarren gola sartu, Cartagenaren alde egin zuen partidak eta 3-5 irabazi zuen murtziarrek. Triman ezinean aritu zen. Imanol Arregi entrenatzailea minduta agertu zen komunikabideen aurrean eta onartu zuen 2-0 irabazten zihoazenean ez zutela partida erabakitzen jakin eta gol aukera argiak huts egin zituztela. "Cartagenakoei estrategia ondo atera zaie eta jota gaude, lotuta genuen partida batek ihes egin digulako. Baina sailkapenean lehen zortzi taldeen artean egoteko borrokan jarraituko dugu" adierazi zuen entrenatzaileak. Zaragozaren kontra 8. postua jokoanSailkapen orokorrean Bartzelonak jarraitzen du lider, 47 punturekin. Triman Navarra Xota play off postuetatik kanpo geratu da, 9.a baita, 28 punturekin. Baina Arregi entrenatzaileak adierazi moduan, taldearen helburua play off postuetan sailkatzea da eta horretarako puntuak pilatzen hasi behar da Irurtzungo taldea. Hurrengo partida Zaragozan jokatuko dute, sailkapenean eurek baino puntu bat gehiago duen Sala 10 Zaragoza taldearen kontra. Arerio zuzena da Zaragoza eta zortzigarren postua dago jokoan; hortaz, irabazi besterik ez du buruan Trimanek. Zaragozaren asmoa berbera da eta partida oso gogorra aurreikusten da.