Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Irurtzungo Aurrekontu Parte-hartzaileen taldeak egindako lanak badu fruitua. Finean, taldearen nahia herritarrek dituzten beharrak eta kezkak zein diren jakitea da, gero udal ordezkariei transmititu eta behar horiek udal aurrekontuetan isla izan dezaten. Bada, 2009an eta 2010ean azterketa eta diagnostiko bat egin zen eta bertan herritarren kezkak eta proposamenak jaso ziren. Eta diagnostikoaren konklusioekin lanean jarri zen taldea, aurtengo aurrekontu parte-hartzaileak prestatze aldera. Urritik hona bost tailer egin dituzte, herritar guztiei zabaldutakoak. Lehendabiziko tailerrean diagnostikoan ingurumenari buruzko proposamen blokea hautatzea erabaki zen eta hurrengo tailerretan, bloke horretan zeuden 25 proposamenetatik 4 proiektu aukeratu ziren: toilekan eta txakurrendako guneak sortzea; autoa hainbeste ez erabiltzeko kontzientziatzea; ibai aldea eta Biaizpe ingurua aisialdirako berreskuratzea eta bizikletaz ibiltzeko guneak prestatzea. Horrela, etxez etxe informazioa buzoneatuta aipatu lau proiektuak aurkeztuko zaizkie irurtzundarrei eta lau proiektu hauetatik bana aukeratzea proposatuko zaie. Boto gehien jasotzen duen proiektua udalari aurkeztuko zaio, aurtengo aurrekontuetan udalak aurrekontu parte-hartzaileen egitasmorako zehaztu dituen 25.000 euroak egitasmo horretara bidera ditzan. Lau proiektuakProposatzen den lehen proiektua Toilekan eta txakurrendako guneak izenekoa da. Ekimen honekin alde batetik toilekan deritzanak erabiltzeko kanpaina egin nahi da izan ere, puntu horiek prest daude txakurren kakak biltzeko. Eta, bestetik, estali gabeko txakurrendako jolasgune itxiak egokitu nahi dira. Kokaguneak ondokoak izan litezke: Plazaola ingurua, industrialdea eta igerileku guneetako zonalde bat, oraindik zehaztu gabe dagoena. Bigarren proiektua autoa hainbeste ez erabiltzea kontzientziatzea da. Horretarako ondoko bideak proposatzen dira: Atakondoa eskolan ikasleak sartu eta ateratzen diren orduetan sortzen den kaosa saihestea, hainbat neurri proposatuz; Atakondoako ikasleei mugikortasunaren inguruko heziketa kanpaina egitea eta motorrik gabeko garraioa edo garraio kolektiboa bulkatzeko kanpaina. Hirugarren proiektua ibai aldea eta Biaizpe ingurua aisialdirako berreskuratzea da. Ibaiaren parean doan bidea konpontzea proposatzen da, zentrala eta urtegiaren artekoa, bai oinez eta baita bizikletaz ibiltzeko eta ibilbidean atsedenerako eserleku batzuk jartzea. Eta azken zatian ibilgailuei pasa eragoztea. Eta laugarren proiektua bizikletaz ibiltzeko guneak atontzea da. Herri barnean eta baita herri inguruan bizikletaz ibiltzeko ibilbide bat izatea proposatzen da, 3 km pasatxoko zirkuitua sortuz: igerilekuko bidea, herriko kaleetako espaloi batzuk, espaloietatik barna Master aldera beheraka jo, industrialdea inguratzen duen bidea jarraituz Matxain aldera joan eta gero industrialde gainaldetik Plazaola hotelerantz eta hori zirkuitu hasierarekin lotu. Bidea eta espaloiak markatzeaz gain, proiektuak bizikletaz ibiltzeak dituen onurez jabearazteko informazio-kontzientziatze kanpaina jasotzen du. Otsailak 27Lau proposamenen artean bakarra aukeratu eta euren botoa emateko azken eguna hori dute irurtzundarrek. Egoki jotzen duten proposamena X batez markatu eta etxez etxe banatutako inkesta edo orritxoa ondoko tokietan dauden postontzietan utzi beharko da: Tahona, Alimentacion Maria Jesus, Fruteria Anieta, Erosle, Irurtzungo udaletxea, Kultur Etxea, liburutegia, jubilatuen kluba edo Pikuxar. Bihar ibilbidea eta 26an erakusketaAipatu lau proiektuak tokian bertan ikusteko asmoz, bihar, otsailaren 19an, larunbatarekin, ibilbidea antolatu du Aurrekontu Parte-hartzaileen aldeko taldeak, 12:00etan. Ibilbidearen zati bat oinez eta beste bat bizikletaz eginen da. Horretaz gain, hurrengo larunbatean, otsailaren 26an, Irurtzungo plazan aipatu egitasmoei inguruko panel informatiboak jarriko dira.