Okiñenak jantzitako eliza mustutzear

Guaixe 2011ko otsailaren 18a

Igandean mustuko dute Iruñeko Mendebaldea auzoko Familia Santua eliza berritua. Mikel Okiñena arduratu da aldarearen itxura berritzeaz. Irurtzungo artistak 16 metro luze eta 3 metro altukoa den zurezko erliebea egin du. Bertan, Itun Zaharreko eta Itun Berriko pertsonaiak landu ditu, aldarearen alde banatan kokatuta. Bibliako pertsonaien begiradak aldareko irudi nagusira zuzentzen gaitu: Familia Santuaren irudira. Denera, 28 pertsonaia eta 7 animalia tailatu ditu. Erliebea handitasunagatik nabarmentzen da. Neurri horrekin irurtzundarrak errealismoa eman nahi izan die irudiei. Eskultoreak pinua aukeratu du, soiltasun sentsazioa emateko. Iruñeko elizaren eta bere lokalaren berritze lanak iazko martxoan hasi ziren eta lan nagusia urrian amaitu zuten. Ondoren, Mikel Okiñenak azken ikutua eman dio elizari. Lanen aurrekontua 900.000 eurokoa izan da.