Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Bihar emanen diote hasiera 2011ko Nafarroako Bertsolari Txapelketari. 27 lagun neurtuko dira bertso lehian. Nafarroako bertsolari beteranoak eta promesa gazteak zein baino zein ariko dira apirilaren 9ko final handira arte. Lehia hutsetik haratago, bertsolaritza sustatu eta ezagutarazteko aukera paregabea da.Igandean bigarren kanporaketak Sakanara ekarriko du Bertso Txapelketa. Irurtzungo kultur etxean izanen dira, besteak beste, bi sakandarrak: Eneko Lazkoz etxarriarra eta Oier Lakuntza urdiaindarra. Ondu, dastatuNafarroako Bertsolari Txapelketa herrialdeko bertsolarien erakusleiho paregabea da. Urtez urte agerian geratzen da azken urteetan bertso eskolek egindako lana. Bertan ondu dira bertsolari asko eta asko eta orain haiek dastatzeko unea iritsi da. 27 bertsolari lehiatuko dira 40. Nafarroako Bertsolari Txapelketan, horietatik bost lehen aldiz. Horrez gain, joan zen urtean atsedena hartu zuen Xabier Silveira lehiara itzuliko da. Pasa den urteko hiru bertsolari onenak, Julio Soto, Oskar Estanga eta Estitxu Arozena zuzenean final-erdietara sailkatuta daude. Beste 24 bertsolariak, berriz, bihartik aurrera sartuko dira lehian final-laurdenetan. Saio bakoitzeko onenak final-erdirako txartela lortuko du eta gainerako 15ek puntuazioaren arabera eginen dute aurrera. Iparraldetik hegoaldera, Nafarroako zenbait herrik hartuko dituzte kanporaketak. Aurtengo nobedadea finala Iruñeko Labrit pilotalekuan izanen dela da. Bertsozaleek hura betetzeko erronka dute. Bertara iristen diren zortzi bertsolariek Nafarroako bertsozaleen berotasuna eskertuko dute. SakandarrakBi sakandar lehiatuko dira Nafarroako Bertsolari Txapelketan, Eneko Lazkoz etxarriarra eta Oier Lakuntza urdiaindarra. Biek ere esperientzia aski dute eta maila ona ematea espero dute. Eneko Lazkoz finalera iritsi zen pasa den urtean. Ea aurten biek bide horri eusten dioten.Bi bertsolariak igoko dira oholtza gainera, baina atzean sakandar gehiago ere izanen dira. Joseba Beltza eta Joxema Leitza gai jartzaile lanetan ariko dira. Josu Etxanobe, berriz, epaimahaikidea izanen da.GertutikEneko Lazkoz eta Oier Lakuntza, bertsolariakNafarroako Bertsolari Txapelketa hastear dago. Zer moduz daude Sakanako bertsolariak?E: Oierrek eta biok igandean kantatuko dugu eta hori dugu buruan, baina oraingoz ni behintzat nahiko lasai. Joango gara urduritzen eguna iritsi ahala. O: Ni ere oraingoz nahiko lasai, baina ziur asko eguna iristean urdurituko naizela. Ea saioa amaitu ondoren lasai eta pozik geratzen naizen. Zer moduzko urtea eduki duzue?E: Lekunberriko eskolan betiko martxa daramagu. Astero elkartzen gara bertsotan aritzeko. Nik uste dut Oier eta orokorrean gehienok pasa den urtean baino hobekixeago ari garela bertsotan. O: Sakanatik Joseba, Eneko eta ni goaz eta gainera Julio Soto, Luze, Oskar Estanga, Aritz Saragueta noizbehinka eta Terreros elkartzen gara. Arkaitz Goikoetxeak jarraitzen du irakasle lanetan. Nafarroako txapeldunarekin eskolan egotea zer moduz?E: Aberasgarria. Azkenean inguruan gero eta bertsolari hobeak izan ikasteko aukera gehiago duzu. 27 bertsolari lehiatuko zarete txapelketan. Badira nobedadeak?O: Bost bat dira berriak eta horien artean bi, Ainhoa Aranburu eta Iban Garro bertsolari helduak dira eta beste hiru, Irati Majuelo, Josu Sanjurjo eta Patxi Castillo gazteak. Aurten lehen aukera izan dute parte hartzeko. Plantilla guztia begiratuta, zer moduzko taldea dugu?E: Joan zen urtekoaren antzekoa espero daiteke. Arkaitzek eta Xabier Legarretak aurten ez dute parte hartuko eta pasa den urtean biak finalean egon ziren. Baina beste batetik Silveira itzuli da. O: Bai, nik uste dut maila aldetik ez dela diferentzia handirik egonen. Zein da zuen faboritoa?O: Julio Soto guk astero ikusten dugu eta fuerte dago. Iazko txapelduna izanda jende askorendako bera izanen da faborito. Baina ikusi behar Silveira nola itzuli den. E: Nik uste denok antzeko pentsatzen dugula. Juliok joan den urtean irabazi zuen eta bere maila mantendu edota igo egin da. Baina Silveirak txapel asko irabazi ditu eta aurkeztu bada ez da izango denbora pasatzera, irabaztea nahiko du. Igandean bigarren final-laurdena jokatuko da Irurtzunen eta bertan izanen zarete bi sakandarrak. Nortzuk izanen dituzue aurkari?O: Iñigo Olaetxea, Bittor Elizagoien, Ekaitz Astiz eta Irati Majuelo.Zer moduzko saioa aurreikusten duzue?E: Saio txukuna atera daitekeela uste dut. Iratik ez beste guztiok urte batzuk daramatzagu txapelketetan eta badakigu zer den. Duguna eman ezkero nik uste saio polita atera daitekeela. O: Iratirendako ziur aski urduritasuna handiagoa izanen da. Lehen saioetan horrela izaten da. Nik aurreko astean berarekin egoteko aukera izan nuen eta ongi ikusi nuen. Saio batean elkarrekin aritzea zuendako ona da?E: Bai, zurekin bertsotan ari dena gero eta hobeki ezagutu, kantatzeko errazago da, erosoago.O: Azkenean gu astero elkartzen gara Lekunberrin eta ederki ezagutzen dugu besteen bertsokera. Zerbait botatzen badiogu aurreikusi dezakegu zer erantzun dezaken. Nolako giroa espero duzue Irurtzunen?E: Imajinatzen dut inguruko jendea hurbilduko dela. Zenbat eta nola ez dakit. Lesakan bezala ez da izango, baina jendea joanen da. O: Nik uste giro polita egonen dela. Pasa den urtean Bolik egin zuen txapelketarekin bertso mundura sakandar gehiago hurbilduko dela espero dut. Ea horri jarraipena ematen zaion. Nafarroako Bertsolari Txapelketa Kanporaketak: Azken-laurdenak Otsailaren 19an, larunbatean, 17:30ean, Tafallan Otsailaren 20an, igandean, 17:30ean, Irurtzunen Otsailaren 26an, larunbatean, 17:30ean, Donezteben Otsailaren 27an, igandean, 17:30ean, Berriozarren Finalaurrekoak Martxoaren 12an, larunbatean, 17:30ean, Beran Martxoaren 19an, larunbatean, 17:30ean, Leitzan Martxoaren 26an, larunbatean, 17:30ean, Elizondon Finala Apirilaren 9an, larunbatean, 17:00etan, Iruñean Bertsolariak: Xabier Silveira, Aritz Saragueta, Aimar Karrika, Egoitz Gorosterrazu, Oskar Estanga, Xabier Terreros, Jose Luis Barberia "Zili", Josu Sanjurjo, Iñigo Ibarra, Estitxu Arozena, Iñaki Aleman, Iban Garro, Patxi Castillo, Ander Fuentes "Itturri", Ekaitz Astiz, Saioa Alkaiza, Bittor Elizagoien, Julio Soto, Migel Mari Elosegi "Luze", Iñigo Olaetxea, Jon Barberena, Jon Elizetxe, Ainhoa Aranburu, Julen Zelaieta, Irati Majuelo, Eneko Lazkoz eta Oier Lakuntza.www.nafarroakotxapelketa.com Txapelketa egunez egun jarraitu daiteke web orrian. www.bertsosarrerak.eu Finalaurrekoetarako eta finalerako sarrerak salgai daude.