Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Triman Navarra Xotak garaipen garrantzitsua lortu zuen ostiralean Zaragozan, Sala 10 Zaragoza taldea 1-6 hartu baitzuen menpean. Azkeneko partidak galdu eta gero, play off postuetan sartzeko irabazi beharrean zeuden Imanol Arregiren mutilak, are gehiago Zaragozako taldea arerio zuzena zela kontuan hartuta. Eta hala egin zuten. Bikain jokatu zuen Trimanek, defentsan sendo eta kontraeraso azkarretan Sala 10 sorpresaz hartuz. Partida hasi eta berehala heldu ziren Irurtzungoen golak. Zaragozakoak harritu antzera zebiltzan, baloiaren jabetza izanik, baina jabetza hori behar bezala aprobetxatu gabe. Atsedenaldira 0-3 irabaziz eta partida bideratuta joan ziren Irurtzungoak, eta bueltan antzeko egoerak jarraitu zuen, 1-6 gailendu baitziren. Imanol Arregi entrenatzaile irurtzundarra kontentu zegoen egindako lanarekin. "Hainbat jardunaldi generamatzan gol aukerak behar bezala bukatu gabe, eta gaur dena aldatu da. Ongi defendatu dugu eta kontraerasora atera gara arriskua sortuz, eta gainera, kontrako atean haztatuz. Dena ongi atera zaigu. Bazen garaia" adierazi zuen entrenatzaileak. ZazpigarrenaOhorezko mailako sailkapen orokorrean Bartzelonak jarraitzen du lider, 47 punturekin. Irabazi eta gero sailkapenean igo da Triman eta orain zazpigarrena da, 31 punturekin, zortzigarrena den Benicarló taldearekin puntutara berdinduta. AtsedenaAsteburu honetan ohorezko mailako ligak atsedena hartuko du, Espainiako Areto futbol selekzioak partida jokatuko duelako, Europako txapelketarako aurrekoa, hain zuzen. Espainiako selekzioarekin konbokatuta dago Trimaneko Rafa Usin. Hurrengo jardunaldia bi asteburu barru jokatuko da. Horrela, martxoaren 5ean, larunbatarekin, Segovian jokatuko du Triman Navarrak, sailkapenean seigarrena den eta arerio zuzena den Caja Segovia taldearen kontra. Ea Zaragozaren kontrako punteria onak Segovian jarraipena duen.