Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Irurtzun aldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak Construcciones Gainzari eman dizkio egoitza berriko egokitzapen lanak. Irurtzungo zinegotzi Jose Luis Viñasek azaldu digunez, "lanak 15 egunean hasiko dira eta bi hilabete iraunen dute". Kamineroen eraikineko etxe batean dago gaur egun gizarte zerbitzuen egoitza. Nafarroako Gobernuak duela 13 urte Irurtzungo Udalari utzi zion etxea, baina lagapena 2007an bukatu zen eta ezin da gehiago luzatu. Viñasek azaldu digunez, tokia ez da egokiena. "82 m2ko etxea da. Jangela zena administrazio gisa erabiltzen da. Gainontzeko gelak bulego bihurtu dira". Langileendako toki falta, herritik urrun egotea, hara joateko dagoen aldapa eta sarrerako oztopo arkitektonikoek aspaldi egoitza berria bilatzera behartu zuten mankomunitatea. BerriaIrurtzungo Udalak gizarte zerbitzuen mankomunitateari lehen solairuko 190 m2 utziko dizkio. Lehen liburutegia hartzen zuen espazioa, hain zuzen ere, eta lanak mankomunitateak ordainduko ditu, 105.500 euro guztira. Diru guztia mankomunitatea osatzen duten udalen poltsatik aterako da, "krisiagatik halako lanak egiteko diru-laguntzarik kendu dituztelako". Hala ere, zinegotziak azaldu digunez, Gizarte Gaietarako Departamentuak etorkizunean diru-laguntzak ateraz gero atzeraeraginezkoak izateko borondate ona azaldu du. Viñasek esan digunez, egoitza berriak zortzi bulego, bilera gela, administrazioa eta harrera izanen du. Horrek guztiak herritarrei harrera hobea egiteko modua eskainiko du eta langileek erosoago lan egiteko aukera izanen dute. Gaur egun Irurtzun aldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean 3 hezitzaile, 2 gizarte langile, 4 familia-langile eta administrari bat daude lanean. Guztiek 8.259 pertsonen populazioari ematen diote zerbitzua. EskaintzaIrurtzun aldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak bost programa eskaintzen ditu. Harrera eta gizarte orientazioa da lehena, eta jende gehien hartzen duena. Beharren arabera programa horretatik beste batzuetara bideratzen dituzte herritarrak: etxeko arreta zerbitzua; haurtzaro eta familia programa; drogamenpekotasun prebentzioa eta gizarteratze programa. Viñas zinegotziak argitu digunez, "azken programa horren zati bat eskaintzen dugu gaur egun mankomunitatean, immigrazioa eta babestutako gizarte enplegua. Hala ere, programa osotasunean eskaintzeko lan egiten ari gara".Gizarte zerbitzuen bateratzeazSakanako Mankomunitateak legegintzaldi honetan ibarreko gizarte zerbitzuen hiru mankomunitateak bateratzeko asmoz lan egin du. Orain arte lortu ez bada, besteak beste, Irurtzun aldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea osatzen duten udal batzuen zalantzengatik izan da. Mankomunitate hori Arakil, Irurtzun, Irañeta, Uharte Arakil eta Arruazuz gain, Araitzek, Beteluk, Lekunberrik, Larraunek, Imotzek eta Izak osatzen dute. Viñasek esan digunez, "Sakanakoak ez diren udalak zalantzak dituzte eta ikerketa zehatzagoa nahi dute pausoa emateko".