Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Martxoaren 11n, ostiralean, 20:00etan eta 22:30ean, 12an, larunbatean, 20:00etan, eta 13an, igandean, 19:00etan, Irurtzungo kultur etxean. Sarrera: 3 euro.Irurtzungo Antzerki Tailerra oholtza gainera igoko da asteburuan. Angel Sagüesen zuzendaritzapean azken antzezlana mustuko dute: Crisis? ¿Qué crisis? . Irurtzungo Antzerki Tailerraren 10. antzezlana izanen da. Lan emanaldi eskainiko dituzte, ostiraletik igandera. Aldez aurreko sarrerak salgai daude Irurtzungo udaletxean eta kultur etxean.Krisia komediatikIrurtzungo Antzerki Tailerrak puri-purian dagoen gaia, krisia, komediara eraman du. Dario Fo literaturako Nobel saridunaren Aquí no paga nadie antzezlana oinarri hartuta, krisi finantzarioan eta haren testuinguru ekonomikoan kokatzen dira gertakariak. Emakume batzuek sistemaren abusuen aurrean jarrera ausarta hartuko dute. Erabaki horiek ondorioak izanen dituzte elkarbizitzan: bikoteen arteko liskarrak, poliziarekin gatazka, gaizki ulertuak, gezur gupidatsuak, gezur potoloak, egia erdiak, egia biribilak... Emozioak eta bizipen pertsonalak airean geratuko dira. Politika, erosketaren prezioa, erlijioa, langabezia, sexua... Horiek guztiak pasatuko dira eszenatokitik zentzugabeko inauteri honetan. Crisis? ¿Qué crisis? Antzezlana krisiaz barre egiteko aukera ederra da. Dario Fo handiaren bidetik, komediarekin sistemaren kritika zorrotza eginen da. 10 urteAntzerki Tailerra Irurtzungo Kultura Kontseiluaren ekimenez jarri zen abian duela 10 urte. Erantzun ederra izan zuen. Asun Abaden zuzendaritzapean egin zituen lehen bost urteak eta azken bost urteetan Angel Sagüesek hartu du ardura. 10 urte eta gero, osasuntsu jarraitzen du Irurtzungo Antzerki Tailerrak. Antzezle batzuek tailerrarekin batera eman zituzten lehen urratsak eta urtetik urtera antzezle berriak sartu dira taldean. Gaur egun, 10 lagunek osatzen dute taldea eta gehienak esperientzia handiko antzezleak dira. Azken antzezlana jendaurrean aurkezteko irrikan daude. Etxetik lehiaketaraEtxekoen aurrean mustuko dute antzezlana. Irurtzundarren oniritzia jaso eta gero, Barañainen dute hurrengo hitzordua. 7. Antzerki Tailerren Fábulas y Enredos Topaketan parte hartuko dute. Nafarroako 13 antzerki tailerrek parte hartuko dute martxoaren 24tik maiatzaren 13ra. Irurtzundarrek martxoaren 24an, 20:00etan dute hitzordua Barañaingo auditorioan. Aktore-zerrenda, gidoi, arropa eta eszenografia onenak saria izanen dute.Crisis? ¿Qué crisis?Dramaturgia eta zuzendaritza: Angel SagüesAntzezleak: Maria Eugenia Barroso, Maria Esparza, Txeli Garcia, Tere Otxoa, Genma Matxain, Pakita Arruabarrena, Andoni Ruiz, Peio Alzueta, Ruben Villar eta Javier Gonzalez. Arropa: Irurtzungo Antzerki TailerraArgiak: Angel SagüesKartela: Xabier Unanua