Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Triman Navarra Xotak Caja Segovia menpean hartzeko aukera paregabea galdu zuen larunbatean Segovian. 0-2 aurreratzea lortu zuen Irurtzungo taldeak, Rafa Usinek sartutako bi golei esker, Baina partida bukaeran Segoviak markagailuari buelta ematea lortu zuen. Porrota oso mingarria izan da Imanol Arregiren mutilendako, Caja Segovia arerio zuzena baita. Triman Navarrak bigarren gola sartu eta berehala, ia erreakzionatzeko aukerarik izan gabe, lehendabiziko gola sartu zuen Caja Segoviak, markagailuan 1-2 ezarriz. Horrek sekulako indarra eman zion Segoviako taldeari, eta hortik aurrera dominatzen hasi ziren. Trimangoek defentsan akatsa izan zuten eta hor heldu zen binakako berdinketaren gola. Eta, azken minutuan, 3-2 aurreratu ziren Segoviakoak, Irurtzungo taldeari erreakziorako tarterik geratu gabe. Jota gelditu ziren irurtzundarrak. Imanol Arregi entrenatzailea minduta azaldu zen. "1-2koak min asko egin digu eta binakako berdinketa gure akatsa izan da. Ondoren pare bat aukera izan ditugu, baina ezin izan dugu asmatu" adierazi zuen. Hala ere, "taldeak gauzak ongi egin dituela" nabarmendu zuen. Ohorezko mailako liderra, FC Bartzelona taldea da, 50 punturekin. Triman Navarra zortzigarrena da, 31 punturekin. Hain zuzen ere lehen zortzi postuen artean sailkatzea da Irurtzungo taldearen helburua, play off postuetan hain zuzen, liga jokatu ahal izateko. Horregatik hurrengo jardunaldietan maila ona eman beharko du taldeak. Ostiralean eurek baino puntu bat gehiagorekin zazpigarren postuan dagoen Benicarló taldea hartuko du Trimanek Iruñeko Pabilioi Unibertsitarioan, 20:30ean. Soilik aukera bat du Trimanek: irabaztea. Ea horrela gertatzen den.