Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Irurtzungo Antzerki Tailerrak azken antzezlana mustu zuen asteburuan. Ostiraletik igandera, lau emanaldietan leporaino bete zen Irurtzungo kultur etxea. Dario Fo-ren Aquí no paga nadie lanean oinarritutako Crisis? ¿Qué crisis? antzezlanak ikusleen algarak eta txalo zaparradak eragin zituen. Etxekoen aurrean lortutako arrakastaren ondoren, Irurtzungo Antzerki Tailerrak biratxoa eginen du Nafarroako zenbait herrietan barna. Zain dituzte Los Arcosen, Castejonen eta Barañainen. "Interesgarria da etxetik kanpoko ikusleen aurrean antzeztea" dio tailerraren zuzendari Angel Sagüesek. Barañaingo emanaldia berezia izanen da, antzerki tailerren topaketa baita. Irurtzungo Antzerki Tailerrak ezaugarri horietako topaketa batean parte hartzen duen lehen aldia da. "Interesgarria izanen da beste herrietako antzerki tailerrekin elkartu eta esperientziak trukatzea" azaldu digu zuzendariak. Badira zenbait sari, baina Angel Sagüesek garrantzi handiagoa ematen dio esperientziari; "herrietako antzerki tailerretan aktoreen mailak baina garrantzi handiagoa du izaera sozialak eta sormena lantzeak" dio. Barañaingo topaketaren ondoren, sakandarrek Irurtzungo Antzerki Tailerraz gozatzeko aukera berria izanen dugu. Hileko azken asteburuan Etxarri Aranatzen antzeztuko dute.