Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Triman Navarra Xotak sekulako sorpresa eman zien jarraitzaileei ostiralean. Trimanekoak dominatzen zuten baloia, baina ia konturatu gabe Benicarlók aurrea hartu zien, eta jokaldiz jokaldi 0-4 aurreratu. Gauzak gaizki zihoazen Imanol Arregiren mutilendako, baina irurtzundarrek ez zuten amore eman eta partidari buelta ikusgarria eman zioten, atezain-jokalari formula erabiliz ahaztezina izango den 6-4ko garaipena lortu arte. Bost minututan Rafa Usinek bitan, Carlitosek, Jesulitok, Cucok eta Isi gola sartu eta garaipen inportantea lortu zuten, Irurtzungo taldeari play off postuetan mantentzea ahalbideratu diona. Imanol Arregi entrenatzailea jokalariek egindako lanarekin kontentu zegoen. "Ohorezko mailan kontrako lau goli buelta ematea oso zaila da eta hori lortu izanagatik oso kontentu gaude". Play off postuetan - sailkapeneko lehendabiziko zortzi postuak - sailkatu ahal izateko borrokan jarraituko dutela nabarmendu zuen Arregik. "Xota gara, oso burugogorrak, eta azkeneraino borrokatuko dugu. Aukerak baditugu" adierazi zuen. El Pozo Murciak 52 puntu ditu eta lidergoa kendu dio 51 puntu dituen Bartzelonari. Triman Navarra zazpigarrena da, 34 punturekin. Larunbatean Santiagon jokatuko dute irurtzundarrek, 44 punturekin bosgarrena den Lobelle Santiagoren kontra. Play off postuetan jarraitu ahal izateko irabazi beharrrean daude bi taldeak, eta, hortaz, lehia gogorra izanen da.