Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Apirilaren 30ean, larunbatarekin, Irurtzungo Iratxo elkarteak antolatutako Sakanako XXII. Ibilaldi Handia mendi ibilbidea jokatuko da. Ibilaldi ez lehiakorra da, eta Euskal Herriko eta Nafarroako ibilaldi luzeko zirkuituetan sartuta dago. Ezaugarri hauetako Nafarroako proba dekanoena da. Ohiko moduan, bi aukera izango dira. Luzeena, Irurtzundik atera eta Beriaingo San Donato, Aralarko San Migel eta Ergako Trinitatea lotzen dituena, 55,5 km-koa eta 3.000 metroko desnibela duena, eta laburra, 40 km eta 1.800 metroko desnibela duena. Aurten, gainera, ibilbide laburra aldatu du antolakuntzak, aurrekoa oso gogorra baitzen. Mendizaleak goizeko 6:00etan aterako dira Iratxo elkartetik eta arratsaldeko lauetatik gaueko bederatzi eta erdietako tartean helduko dira Irurtzungo plazara. Iaz 1.090 mendizalek hartu zuten parte Sakanako Ibilaldi Handian. Informaziorako eta izena emateko www.iratxo.galeon.com web gunera jo daiteke.