Azken minutuan galdu zuen Trimanek

Guaixe 2011ko apirilaren 4a

Triman Navarra Xotak Bartzelonan jokatu zuen atzo, ohorezko mailako lider Bartzelona taldearen kontra. Liderra faboritotzat jotzen zen, baina gauzak ez zizkion batere erraztu Trimanek. Jokoa oso mugituta egon zen hasieratik eta Bartzelona aurreratu zen markagailuan. Hala ere, berehala berdindu zuen Irurtzungo taldeak. Bi atezainak fin ibili ziren eta markagailua ez zen gehiago mugitu atsedenaldira arte.Bigarren zatian aldatu ziren gauzak. Bartzelona gehiago dominatzen hasi zen baina Trimaneko atezain Juanitok sekulako geldialdiak egin zituen eta ez zen aldaketarik gertatzen. Partida bukatzeko 5 minutu falta zirenean Bartzelonak gola egitea lortu zuen, baina atzera ere berehala berdindu zuen Trimanek. Arbitroak Bartzelonako Ari kaleratu zuen, bigarren txartel horia atera eta gero, baina Trimanek ez zuen egoera probestu eta, aldiz, Bartzelonak, egoerari primeran eutsi eta azken minutuan hirugarren gola sartu zuen. Oraindik ere beste gol bat sartzeko aukera izan zuen liderrak, eta azkenean 4-2 gailendu zuen.Imanol Arregi entrenatzaileak azpimarratu zuen berdinketak azken minutuan egin ziela ihesi. "Gutxienik berdinketa lortzea merezi genuen, baina azken minutuan horrek ihes egin digu" nabarmendu zuen. Bere iritsiz, Bartzelonako plantilla "ikusgarria" da.Bartzelona liderrak 58 puntu dauzka, El Pozo Murcia bigarrenak bezala. Triman Navarrak zortzigarren postuan jarraitzen du, 35 punturekin. Oraindik ere play off postutan dago Irurtzungo taldea, baina postu horri heltzeko irabazi beharrean dira irurtzundarrak. Ostiralean 32 punturekin hamargarrena den Carnicer Torrejon hartuko dute Iruñeko Pabilioi Unibertsitarioan, 20:30ean. Arerio zuzena da Carnicer, soilik hiru puntuko aldea dute bi taldeek, eta hortaz, hil ala biziko partida da, Trimanek irabazi beharrekoa. Ea hala den.