Udalak gizarte erakundeetarako sailak mantenduz onartu du aurrekontua

Guaixe 2011ko apirilaren 8a

Irurtzungo Udalak asteartean aurtengo aurrekontua onartu zuen, aho batez. 2.026.242 euro kudeatuko ditu udalak aurten. Txiki Iriarte alkateak jakinarazi digunez, trantsizioko aurrekontuak dira aurtengoak. "Lan gutxi batzuk aurreikusi ditugu. Heldu den urtean Toki Azpiegituren Lau Urteko Planaren bidez lagundutako lanak egitea tokatzen da. Legegintzaldi berrian udalak diru egoera aztertu eta lehentasunak markatu beharko ditu". AurrekontuezTxiki Iriartek nabarmendu du aurrekontuetan gizarte eragileei zuzendutako diru-saileei eutsi egin dietela. Euskara, gazteak, emakumea eta halako jardueretara iazko diru-kopuru bera bideratuko du, beraz, Irurtzungo Udalak. Horrekin batera, aurrekontuaren %0,7 garapenean dauden herrialdeetan proiektuak garatzera bideratuko du aurten ere Irurtzungo Udalak. KontratazioakIrurtzungo Udalak Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bidez bost pertsona kontratatuko ditu. Haietako hiru mantenu eta lorezaintza lanak eginen dituzte eta beste biek igerilekuan lan eginen dute. Igerilarien segurtasunaz arduratuko diren 5 sorosleak ere kontratatuko ditu udalak. Eta, azkenik, apiriletik abendura bitartean lan eginen duen pertsona bat ere kontratatuko du, lanaldi erdian. Azken horrek gazte-lekuaren ardura izanen du. LanakAurrekontu parte-hartzaileen taldeak herri galdeketa egin zuen lau  egitasmoren artean bat aukeratu, udalari aurkeztu eta aurrekontuetan jasotzeko. Larraun ibai ondoko bidea konpontzea aukeratu zuten irurtzundarrek eta horretarako aurrekontuan, guztira, 25.000 euro aurreikusi dira. Horretaz gain, 14.000 euro bideratuko dira Erga magalean dauden bideak konpontzera. Ibilgailu berri bat erosi du udalak eta 22.000 euro ordaindu ditu haregatik. Bestalde, Atakondoa eskola publikoko leihoak berritzeko hirugarren faseak 32.000 euro eskatuko ditu. Handik gertu dagoen frontoian, berriz, goiko aldea itxi eginen da, beroa hobe mantendu dezan. Lanak horrek 7.500 euro eskatuko dizkio udalari. AlkategaiTxiki Iriarte NaBaiko zerrenda burua izanen da hauteskundeetan. Berarekin batera izanen dira: Eskarne Urteaga, Patxi Goikoetxea, Jon Begiristain eta Antonio Garzia. Zerrenda oraindik ez dute guztiz osatu.