Rey: "erabaki egokiena, DBHrako institutua eraikitzea"

Guaixe 2011ko apirilaren 15a

Atakondoako Eskola Kontseiluko presidente Felix Rey Bakaikoak egoera garbi azaldu digu: "gure eskolak espazio arazo larriak ditu eta DBHrako institutua eraikitzea erabaki egokiena dela pentsatzen dugu".Reyk esan digunez, "urteak daramatzagu gure ikastetxea gero eta espazio arazo handiagoak dituela salatzen". Handitzen-handitzenSalaketa datuetan oinarritu du. Aurreko ikasturtean 23 ikastalde zeuden eskolan, oraingo honetan 25 eta hurrengoan 26. Espazio arazoei aurre egiteko Hezkuntza Departamentuak udan moduluetan bi gela prestatu zituen eta uda honetan beste bi gela berri sortuko ditu moduluetan. Reyk ziurtatu duenez, "urte gutxiren buruan hauek guztiak ere ez dira nahikoak izanen, urtero ikastaldeak bi lerrotik hiru lerro izatera pasatzen ari baikara". Reyk argitu duenez,Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan maila guztietan hiru lerroak osatzen direnean 27 talde izanen dira guztira; hau da, orain dauden ikasgela guztiak beharko dituzte, baita moduluetakoak ere. "Zer egiten dugu orduan DBH 1 eta 2 mailetako ikasleekin? Non sartuko ditugu?" galdetuko du Reyk. KonponbideaAtakondoako eskola komunitatearen iritziz espazio arazoari irtenbide logikoena institutu bat egitea da, "hamasei urtera arte hartzen duena". Baina bestelako abantailak ere ikusten diote 16 urtera arte Irurtzunen eskolatzeari. Reyk esan digunez, "koadrilak sendotzen diren adinean, eskualdeko gazteek harremanak bertan sendotuko lituzkete, gero horrek bertako harreman sozial, ekonomiko eta kulturalak sendotuko lituzke". Ikasketak Irurtzunen egiteak Biurdana eta Iruñerriko institutuetako masifikazio arazoa saihesteko balioko lukeela ere argudiatu du. Reyk azaldu duenez, 16 urte bitarteko institutuak dozena bat baino gehiago daude Nafarroan eta haien inguruko informazioa bildu dute: funtzionamendua, emaitza akademikoak eta beste. Reyk esan digunez, "hori egin ondoren pentsatzen dugu Irurtzunen DBHko institutua egitea erabaki egokiena dela".Non egin badagoIrurtzungo Udalak behin baino gehiagotan eskaini izan dio Hezkuntza Departamentuari institutua jasotzeko lurrak. Baina finantza krisiagatik egitasmoak geldi daude. Hori dela eta, Atakondoa ikastetxean behar dituzten espazioak sortzeko itxiturak egin dituzte, bai pasabide nola teilatupean edo liburutegian. Behin-behinean hala sortu dituzte dituzten beharretarako gelak, bideo-gela dela, bestea dela.DatuaAtakondoa eskola publikoan gaur egun 430 ikasle daude. 3 eta 14 urte arteko adina dute.BileraGaur, ostirala, 15:30ean, Irurtzungo Atakondoa eskolan.