Iruñeko argazki saria Irurtzunera

Guaixe 2011ko apirilaren 19a

Martxoan, Emakumearen Nazioarteko Egunaren inguruan Iruñea femeninoan argazki lehiaketa antolatu zuen Iruñeko Udalak. Saria Sakanara etorri zen. Socorro Alzuetak irabazi zuen lehiaketa Uda Ziudadelan argazkiarekin. Epaimahaiak irurtzundarraren irudiaren "kalitate teknikoa, modernitatea eta banguardia" nabarmendu zituen. "Argazkilariak zenbait historia kontatzen ditu: naturaren balioa, argazkiari begira dauden bi gazteen historia eta, aldi berean, ikusten ari diren argazkiarena" azpimarratu zuen epaimahaiak.Socorro Alzuetak azaldu digunez, "ez dut lehiaketa askotan parte hartzen". Hala ere, sari bat baino gehiago irabazi du. Besteak beste, 2007an eta 2008an, Berriozarko Udalak antolatutako Berdintasunaren aldeko argazki lehiaketa; 2008an, Iruñeko Udalak antolatutako lehiaketan; 2009an, Agoizko Udalak antolatutako argazki lehiaketan eta Nafarroako Arkitekto Eskolak antolatutakoan. Irurtzundarrak garrantzia kentzen die sariei; "zortea izan dut" dio. Bere hitzetan, "garrantzitsuena argazkilaritzarekin gozatzea eta egiten duzuna gustatzea da". Irurtzundarra herrian antolatutako ikastaro baten bidez murgildu zen argazkilaritza munduan. "Irurtzungo kultur etxean gela ilun bat jarri zuten eta bertan esperimentatzen genuen negatibo, likido eta bestelako tresnekin". Aro digitalean alde batera utzi ditu negatiboak, baina argazkilaritzari lotuta jarraitzen du. "Photoshopek eta irudia tratatzeko bestelako programek garai bateko gela ilunen lekua hartu dute" dio. Internetekin zabaldu den ikasteko aukera zabalak ere eskertu du.