Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
El Pozo Murcia talde ahaltsuak 5-2 hartu zuen menpean Triman Navarra Xota. Zaragoza Sala 10 taldeak ere garaipena lortu zuenez, ohorezko mailako zortzigarren postua galdu du Triman Navarra Xotak, eta play off postuetatik kanpo geratu da. Hortaz, geratzen diren hurrengo bi jardunaldietan irabazi beste aukerarik ez du Irurtzungo taldeak.Imanol Arregiren taldeak El Pozoren hasierako erasoak ongi erantzuteko gai izan zen eta lehen zatian markagailuan aurreratzea lortu zuen, baina bigarren zatian egindako bi akatsen ondorioz partida hankaz gora jarri zitzaien. Bukaeran, 5-2 gailendu ziren murtziarrak. "Oso ongi jokatu dugu, baina bigarren zatian El Pozok egoerari buelta eman dio. Egindako bi akats horiek izugarrizko ondorioa izan dute" nabarmendu zuen Imanol Arregi entrenatzaileak. Ohorezko maila despeditzeko bi jardunaldien faltan, Bartzelona da liderra, 61 punturekin. Triman Navarra Xota 9.a da, 38 punturekin. Sala 10 Zaragoza zortzigarrenak 39 puntu dauzka eta Benicarló zazpigarrenak 41. Hortaz, gauzak oso estu daude. Ostiralean, hilak 22, Triman Navarrak 35 punturekin sailkapenean 11.a den OID Talavera hartuko du Iruñeko Pabilioi Unibertsitarioan, 20:30ean. Irabazi beharrean dago Irurtzungo taldea. Eta apirilaren 30ean, sailkapenean azkena den Gestesa Guadalajararen kontra ariko dira irurtzundarrak.Lehen 8 postuetan bukatzen duten taldeek jokatuko dituzte titulua erabakitzeko play off-ak. Bertan egon nahi badu, bi partidak irabazi beharko ditu Trimanek eta gainontzeko taldeek zer egiten duten itxaron. Zalantzarik gabe, presiopean ariko da Triman, baina beste batzutan ere hala aritu da eta egoerari buelta eman dio. Ea horrela den.